Kiroldegiko langileen auzia

Kiroldegiko langileek lanuzte gehiago aurreikusi dituzte martxorako

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 21a, 13:08
Kiroldegiko langileak eta herritarrak ostiraleko elkarretaratzean, udaletxe atarian. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Martxoaren 2an, 3an eta 4an greba egingo dute; martxoaren 13tik 18ra ere bai; eta bitarte horretan  adostasunik ez badago, greba mugagabea aurreikusi dute martxoaren 27tik aurrera.

Aurreko lanuzteen ondoren, kiroldegiko langileek asanblada egin zuten ostiralean, eta erabaki zuten martxorako lanuzteekin jarraitzea. Horretarako, egutegi bat diseinatu dutela jakinarazi du Urola Kostako ELAko ordezkari Janire Diazek: martxoaren 2an, 3an eta 4an greba egingo dute, larunbata barne; martxoaren 13tik 18ra aste osoko greba deitu dute; eta "konponbiderik, adostasunik edo aurrerapausorik ezean", greba mugagabea egiteko asmoa dute martxoaren 27tik aurrera.

"Jakin badakigu askori gogorra irudituko zaiola", dio ELAko ordezkariak, baina denbora mugak bultzatu dituztela egutegi hori osatzera. "Greba eskaerak 10 egun lehenago erregistratu behar dira lan delegaritzan, eta ikusita pleguak publikatze bidean direla eta epeak daudela plegu horiek aldatzeko, denbora ez dago gure alde".

Egunotan ez dute enpresen eta udalaren deirik jaso, eta Diazek dioenez, "uste dugu udalak hartu behar duela esku, pleguak publikatzeko bidean direlako, eta berak duelako eskumena horiek aldatzeko edo geldiarazteko". Hala ere, langileak borrokarako prest daudela nabarmendu du. Ostiralean eginiko elkarretaratzeak herritarren partetik "erantzun ona" izan zuela dio, eta "eskertuta egoteaz gain, horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko".Bien bitartean, hainbat lanuzterekin jarraituko dute.

Udaleko oposizioko alderdiekin, bai EH Bildurekin bai Irabazi Zarautzekin, harremanetan daude, eta haien babesarekin urgentziazko mozioa sartuko du ELA sindikatuak osteguneko osoko bilkuran.