Berrikuntzekin dator Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 21a, 18:00
Iazko helduen itsas zeharkaldiko irudi bat. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Dagoeneko eman daiteke izena, Kirol Probak atarian. Uztailaren 23an izango da.

Uztailaren 23an jokatuko dute XLVII. Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia. Balea Igeriketa kirol elkarteak antolatuta, hainbat berrikuntza izango da aurten. Esaterako, izen ematea zozketa bidez egingo dute. Hain zuzen, iazko probetako izen emateen kopurua gainditzen—2.000 lagunetatik gora— bada aurten, lehentasuna izango dute emakumeek, 65 urtez gorako kirolariek, Zarautz edota Getarian erroldatuta daudenek, ezintasunen bat duenek eta azken lau urtetako probetan jarraian parte hartu dutenek.

Hala ere, antolatzaileek adierazi dute irizpide horiek ez dutela inondik ere inskripzioa ziurtatzen. Irizpideok betetzen dituzten partaideen %50ak (oraindik kopurua zehazteke dute) hartuko dute parte zozketan.
Beste kirolari guztiak, lehenengo zozketan kanpoan geratzen direnak gehituta, beste %50 osatzen duen zozketan hartuko dute parte.

Aurreinskripzioak martxoaren 5eko gauerdira arte egin daitezke. Zozketan hautatuak izan direnek, 27 euro (norberaren txipa izanez gero) edota 30 euro (txipa behar dutenek) ordaindu beharko dituzte proban parte hartu ahal izateko. Ohartarazi dutenez, txipak Champion-chip izan behar du; aurreinskripzioa egiterakoan bere txip zenbakia adierazi beharko da.

Izena Kirol Probaken atarian eman beharko da. 15 urtetik gorakoek har dezakete parte itsas zeharkaldian.

Multzotan banatuta

Parte-hartzaileek 2.850 metro egingo dituzte igeri, Getariako portutik eguerdian abiatu eta Zarauzko hondartzaraino. Azken urteetan bezala, hainbat multzotan banatuta eta txandakatuta egingo dute irteera, aurreko probetan lortutako denboraren arabera. Hori zehazteko, datu pertsonalak ematekoan azken 2013an, 2014an, 2015ean eta 2016an egindako denborarik onena frogatu beharko du.

Itsas zeharkaldia aurrez egina ez dutenek, Gipuzkoako Zeharkaldi Ligan aurreko 4 urteetan lortutako denbora ofizial bat jarri ahalko dute. Bestalde igerilekuko txapelketa nagusi zein masterretan 1.500 metro (gizonezkoak) zein 800 metroko (emakumezkoetan) probetan egindako denborak ere balio izango du. Denbora jartzeko aukera ez duten persona guztiek azkeneko taldera joango dira zuzenean.