Zarauzko taldeak lehian jarraitzen dute Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketan

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 23a, 15:50

Lehia parekatuak izan bazituzten ere, Hitza ote hitza? eta Tulipanak nagusi izan ziren azken saioetan. Ran Rober Ran taldeak, berriz, galdu egin zuen.

Añorgan izan zuen saioa Hitza ote hitza? taldeak, 50 lagunez betetako Jolas Etxean. Afalostean bi taldetako sei bertsolari aritu ziren kantuan: Añorgatik Izarne Zelaia, Pello Basurto eta Unai Gaztelumendik jardun zuten, eta Zarauzko taldearen izenean Ane Peñagarikanok, Markel Eizagirrek eta Beñat Jauregik. Añorgako Maddi del Campo aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta Itxaso Piquer, Unai Muniain eta Beñat Gaztelumendi arduratu ziren saioa epaitzeaz. Ordubete pasatxoko saio parekatua izan zen, eta, azkenean, zarauztarrak nagusitu ziren 13 punturen, Añorgakoen 11 punturen aurrean.

Ran Rober Ran taldea, berriz, Asteasuko Iturri Ondo jatetxean aritu zen, Asteasu-Zizurkilgo Karidadeko Bentaren aurka. Etxekoen aldetik, Joseba Otaegi, Unai Mendizabal eta Haritz Mujikak hartu zuten parte, eta eta Zarauzkoen aldetik, Nahikari Gabilondo, Felix Zubia eta Iñigo Manzisidor Mantxik. Ehun pertsona inguru bildu ziren, eta bai entzuleak bai bertsolariak gustura egon ziren saioan. Azkenean, 13 puntu lortu zituen Karidadeko Bentak, eta 11 puntu Ran Rober Ran taldeak.

Tulipanak eta Errenteriako Xenpelar taldeen artekoa Zaratzen jokatu zen. Gure Kabia elkartean, afal ostean hasi zen saioa, eta bertaratutako 35 lagunek ederki gozatu zuten saioarekin. Etxeko taldeko bertsolariak, Oier Aizpurua, Hodei Iruretagoiena eta Aitor Urbieta izan ziren; bisitariak, berriz, Arkaitz Oiarzabal Xamoa, Haritz Casabal eta Aitor Albistur. Emaitza etxekoen alde geratu zen, 13-11koarekin.

Asteburu honetan ez dute saiorik izango Zarauzko taldeek.