Zuhaitz Eguna ospatuko dute ostiralean

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 2a, 11:52

Aurten helburu bikoitza izango du: batetik, zuhaitzak landatzea eta, bestetik, tximeleta txiki bat babestea.

Urtero bezala, herriko ikastetxe bateko ikasleek Zuhaitz Eguna ospatuko dute, herriko eskola guztien izenean. Bihar Orokieta Herri Eskolakoak izango dira zuhaitzak landatuko dituztenak, Astin, 11:30etik aurrera. Hain zuzen, zumarrak landatuko dituzte, Eurpa osoan zuhaitz horiek onddo batek eragindako gaitzak jota hiltzen ari direlako.

Horrez gain, beste helburu bat ere izango du biharko ekitaldiak: tximeleta txiki bat babestea. Tximeleta horrek, hain zuzen, zumarrak behar ditu bizirauteko, zuhaitz horien loreez elikatzen delako. "Zumarrak desagertzen ari direnez, tximeleta mota hori ere asko ari da murrizten", adierazi dute.

Jarduera Arkamurka natur taldeak, Zerynthia tximeletak babesteko elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak antolatu dute, gazteek ingurunea ezagutu eta maitatu, errespetatu eta zaintzeko helburuarekin. Modu horretan, natura ondarea aurrerantzean ere gozatzeko aukera bermatuko da.

Behin zuhaitzak landatuta, ikasleak eurek izango dute horiek zaindu eta hezteko nahiz tximeleta babesteko arduradunak.