"Jaurlaritzak dio surfcamp-a ezin dela Talaimendi magalean eraiki"

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 3a, 17:23
Powertxiki S.L.-k proiektua eraiki nahi duen gunea. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Oposizioko udal taldeek—EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek— jakinarazi dute Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Batzordearen txostenean jaso dutela Powertxiki S.L.-ren proiektua ez dela zertan landa ingurunean kokatu behar.

"Landa-ingurunean kokatu beharra ez duen ekipamendu pribatu bat da; ematen dituen zerbitzuak, beren izaera eta ezaugarriengatik, ez dute zertan nahitaez landa-ingurunean kokatu; eta, beraz, ezin da baimendu, hirigintza eta lurraldeantolamenduaren araudiak ezarritakoarekin bat". EH Bildu eta Irabazi Zarautzek jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendurako Batzordeak txosten bat kaleratu du, non dioen zonalde horretan ezin dela surf ekipamentu pribaturik eraiki. Txostenaren arabera, "'nekazaritza eta abeltzaintzako eta landazabaleko-Balio Estrategiko Handiko' kategoria duen lurzoruarekin bat egiten duen kokapen bat da. Gainera, nekazaritza arloan eskumena duen organoak lurzoru hau okupatzearen kontrako txostena idatzi du”. Horrekin batera, oposizioko udal taldeek jakinarazi dutenez, ez du zehazten Ingurumen- ebaluazio Estrategikoaren prozedura egin den ala ez.

Gogoratu dute aurreko agintaldian EH Bilduko Tokiko Gobernu Batzordeak ez zuela onartu Powertxiki S.L.-k lurzoru urbanizaezinean eraiki nahi zuen proiektua, kokapena bera ez zelako egokia. "Besteak beste, nabarmendu zen ez dela ezinbestekoa ekipamendu hori landa lurrean eraikitzea, hiri lurrak har dezakeelako halako erabilera bat", nabarmendu dute. "Baina, horren jakitun izanda ere, EAJk eta PSE-EEk egitasmoa berriz ere martxan jarri zuten Plan Berezi bati hasiera emanez, nahiz eta udaleko Ingurumen teknikariak kokapenari buruzko kontrako txosten argia idatzi eta Hirigintzako arduradunaren txostenean 'zalantzarako tarte handiak' dituela aipatu".

Horregatik, nabarmendu dute "ardura berezia" dutela, txostenak ezagutu arren, aurrera egin zuten ordezkari politikoek, bereziki, Xabier Txurruka alkateak, Maite Garrastazu Hirigintza diziplinako zinegotziak eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak.

Interesa berretsi

Oposizioko bi taldeek ohartarazi dute azken hilabeteetan surfaren inguruko erabilera anitzeko prestakuntza zentroaren interesa nabarmendu dutela, baina ez daudela ados kokapenarekin. "Horregatik eta Eusko Jaurlaritzaren txostena ikusita, berretsi nahi dugu gure aldetik Zarautzen kokaleku egokiago baten bilaketan laguntzeko prest gaudela aurkeztutako egitasmoarekin aurrera jarraitzeko". Era berean, Udal Gobernuari eskatu diote "behingoz" hasteko bide horretan lanean.

"Zentzugabekeria honen" aurka agertu diren norbanako eta eragileei eskerrak eta zorionak eman dizkiete.