Azken urteotan mantendu egin da euskararen kaleko erabilera

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 9a, 12:43
Belen Uranga, euskararen kale erabileraren emaitzak aurkezten, asteartean. (A. Ventas Aldabaldetreku)

Duela 5 urte bezala, erdiek egiten dute euskaraz Zarauzko kaleetan. Soziolinguistika Klusterrak egin du azterketa, eta asteartean aurkeztu zituen datuak.

Duela bost urtetik ez da ia aldatu Zarauzko kaleetan euskaraz hitz egiten dutenen kopurua. 2011ean zein 2016ean udalerriko hainbat zonaldetan Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketen arabera, "parez parekoak" dira datuak: duela bost urte euskararen kaleko erabilera %50ekoa zen eta egun %50,5ekoa. "Akats tartea kontuan izanda, ezin da esan gora egin duenik. Datu orokorra mantentzen da", nabarmendu du Belen Urangak, Soziolinguistika Klusterreko ordezkariak.

Asteartean aurkeztu zituen 2016ko datuak. Iazko iraila eta urria bitartean, 30 orduz egin zituzten behaketak herriko hainbat zonaldetan. Guztira, 6.518 hiztuen arteko 2.285 elkarrizketa aztertu zituzten, 5 ibilbidetan banatuta: Alde Zaharrean, malekoi inguruan, Iñurritzan, Azken Portun eta Maxi zein Itxasmendi inguruan.

Behaketen arabera, %47,1ak gaztelaniaz egiten du eta %2,3ak beste hizkuntzetan. Kalean dabiltzanen erdiek euskara erabiltzen badute ere, hizkuntza gaitasuna %70,1ekoa da. Haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%70,5ak), ondoren 15-24 urte bitartekoek (%54,9ak) eta gero helduek, 25-64 urte bitartekoek (%41,7ak). Adinekoak dira kalean euskara gutxien erabiltzen dutenak (%37,3ak).

Haurrekin, aldatu

"Zenbateko horiek aldatu egiten dira haurrak eta helduak elkartzean", ohartarazi du Urangak. Hain zuzen, haurrek nagusiekin hitz egitean areagotu egiten da euskararen erabilera: nagusiak bakarrik osatzen badute solas-taldea %35,5 erabiltzen dute euskara, baina haurrekin hitz egitean ia 30 puntu igotzen da ehunekoa, %66,5era, hain zuzen ere. "Egoera ere aldatu egiten da hitz egiten duenaren arabera". Alegia, talde nahasian nagusia hitz egiten ari bada, %53,1 erabiltzen da euskara, baina haurra baldin bada hizlaria %74,7koa da erabilera. "Helduengan eragina du haurrak taldean izatea. Haurrekin hitz egitean areagotu egiten da portzentajea, eta are gehiago, haurrak baldin badira hitz egiten dutenak".

Sexuari dagokionez, gizonezkoek (%52,9) emakumezkoek (%48,7) baino "zertxobait" egiten dute euskaraz. Zonaldeka ere aldatu egiten da euskararen erabilera: Alde Zaharrean entzuten da gehien euskara (%65,2); Iñurritzan gero (%62,8); ondoren Maxi eta Itxasmendi inguruan (%51,9); gero Azken Portun (%50,5) eta itsas pasealekuan gutxien (%36,4).  "Logikoa da hori, turismoa gehien pilatzen delako malekoian. Bestalde, Alde Zaharra da herriko aktiboa euskarari dagokionez", nabarmendu du. 

"Ez jaistea ez da nahikoa"

Soziolinguistika Klusterrak 2011ean neurtu zuen lehenbiziko aldiz Zarauzko kaleetan euskararen erabilera, eta asteartean aurkeztutako emaitzak 2016ko udazkenean egindako ikerketari dagozkie, bigarren azterketari. "Datu orokorrak dio 2011ko emaitzak berdindu ditugula, baina ikusi da baita ere adin tarte gazteenetan emaitzak hobetu egin direla. Pozik egoteko arrazoia izan daiteke hori", adierazi zuen Xabier Txurruka alkateak aurkezpenean.

"Zarautz udalerri euskaldunetan handiena" dela gogoratu du, eta turistikoki ere "erakargarria" dela. "Eskualde buru izanik, zerbitzu emailea da, eta aldi berean, euskararen normalizazioan eredu izan daiteke gainerako herri txikiago zein ez hain euskaldunentzat", dio. "Gure berezko hizkuntza euskara da, eta naturala izan beharko luke Zarautzen euskaraz egitea. Euskarak funtzio eta maila guztietan bizi-bizirik egoteko aukera du herrian, eta zarauztar guztien nahiz udalaren ardura da hori gauzatu ahal izatea".

Gogoratu du Zarautz hazten doala, baina, hala ere, euskararen ezagutza eta erabilera mantendu dela. "Baina behera ez egitea ez da nahikoa. Herri euskalduna garen aldetik, badugu erantzukizun bat gizartearekiko, gure izatearekiko, zarauztar izaerarekiko, eta euskararen erabilerari dagokionez, eredugarri izatea dagokigu". Zentzu horretan, udalak ere "eredugarri" izan behar du, alkatearen arabera: "Udal langile eta ordezkari politikook saiatuko gara ardura hori ongi betetzen".