"Orain arte, tramitazioan oztoporik ez eragiteko, isilik mantenduko ginela erabaki genuen, proiektuaren inguruan sortutako zarata guztitik kanpo”. Xabier Txurruka alkateak adierazpenak egin ditu lehenbiziko aldiz Aritz Aranburu eta Powertxiki S.L.-ren proiektuaren inguruan. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Batzordearen txostenean jaso dute surfaren inguruko erabilera anitzeko prestakuntza zentroa ez dela zertan landa ingurunean kokatu behar. Udalak ezeztapen hori onartuko duela dio Txurrukak, "baina proiektuaren sustatzaileen aldetik juridikoki eztabaidagarria izan daitekeela”.
“Gobernura iritsi ginenetik, Aritz eta bere taldearekin bilera dezente egin ditugu, aurreko agintaldian gelditutako ideia berriz martxan jartzeak udalari interesa sortuko ziola pentsatu baitzuten. Aurreko agintaldian interes publikodun deklaratutako (orduan, EH Bilduren abstentzioarekin) proiektuak surfa eta natura batzen zituen, ingurumenaren zaintza eta ingurumenarekin harremana bultzatzen zuen filosofian oinarritzen zelako", adierazi du. "Eraikinak inguru naturalaren zaintza eta babesarekin lotutako ekintzak jasoko lituzke, helburu nagusia surfa garatzen den ingurua errespetatzea izanik".
Argitu du proposatutako kokapena biotopotik kanpo dagoela, "aurkakoa defendatzen tematu den jendea egon den arren". "Aritzek berak azaldu zigun bezala, ez da surf eskola huts bat gauzatuko duen proiektu bat, etxebizitza bloke bateko etxabe tipikoan kokatu litekeena". Gogoratu du udal ordezkariei herriarentzat proiektua "interesgarria eta erakargarria" dela iruditu zitzaiela, eta "bere izaeragatik, ez zela hiri-lurrean bereziki kokatu beharreko proiektua”. “EH Bilduk eta Irabazik proiektuaren ideia ulertu ez zutenaren sentsazioa dut, landa gune batean ezartzeko beharra ez duen ekipamendu pribatua dela defendatzen jarraitzen baitute”, dio.
"Hirigintza saileko teknikarien aldez aurreko txostenek espedientea tramitatzeko aukera irekia utzi zuten, zalantzarako tartea utziz. Iritzi ezberdinen aurrean, EAJk eta PSE-EEk osatutako egungo udal gobernuak, espediente honen tramitea berriz ere onartzea erabaki zuen, hain zuzen ere, 2014an Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatutako Plan Bereziari zalantzaren onura emanez", gaineratu du. "Gobernu Batzarrak behin-behineko onespena eman zion Planari eta publikoki erakutsi zuen, baita Udalaren gainetik dauden instituzio eta organoen balorazio eta irizpidepean jarriz, honen bideragarritasunaren inguruan eztabaidatu zezaten. Gardentasunaren izenean, azken erabakia Eusko Jaurlaritzara eramatea erabaki genuen, interesa dutenei hitza eman eta Planaren tramitazioan zalantzarik ez sortzeko, aurreko legealdian gertatu zen bezala”.
Ardura politikoak
Alkate eta Hirigintzako arduraduna den aldetik, Txurrukak bere gain hartu du proiektuaren tramiteen inguruko ardura politiko guztia. "Fede onez jardun dugula uste dut, aurpegia emanez, arduraz eta zintzotasunez jokatuz interesatuen aurrean, Jaurlaritzako sustatzaileak 2014ko maiatzaren 26an (orduan EH Bilduren gidaritzapean) exijitu zuen Plan Berezia tramitatuz eta publikoari erakutsiz"
Era berean, nabarmendu du "badela garaia" EH Bilduk aurreko agintaldian surfcamp-aren Plan Berezia Powertxikiri aurkezteko eskatu izana azaltzeko. "Zertarako? Ondoren behin behineko onespena ukatzeko?”, galdetu du. “Ez zait ez serio ez etiko iruditzen instituzio publiko bat bere administrariak honela zorabiatzen ibiltzea, proiektu bat idazteko exijituz, kokapenarekin ados ez daudela eta onetsi nahi ez dutela jakinik. Bada garaia EH Bilduk, aurreko alkate Juan Luis Illarramendik eta Hirigintza zinegotzi zen Iñaki Eizagirrek aurreko agintaldian gai honen inguruan egindako kudeaketa negargarria euren gain hartzeko”.
“Ez hanka, ez buru”
EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek Udal Gobernuari eskatu diote azter dezan proiektuarentzat beste kokapen bat: “Beste behin, Hirigintzako gaien administrazio prozeduren inguruan duten erabateko ezjakintasuna erakusten ari dira. Azken eskaera honek ez du ez hankarik ez bururik”, salatu du alkateak. “EAELABk erabakitako ebazpenak Aranbururen surfaren inguruko diziplina anitzeko zentroa Talaimendiko txaleten ondoan kokatzeko saiakera luzearen amaiera adierazten du. Ez dagokio Zarauzko Udalari kokapen alternatiboak bilatzen hastea ekimen pribatuko proiektu batentzat, sustatzaile bera ez bada laguntza eske datorkiguna. Laster emango diegu hitza interesatuei EAELABek erabakitakoaren inguruan euren jarrera azaltzeko, Powertxikiri baitagokio orain kokapen berri bat bilatzea, dena uztea edo proiektua inongo aurreiritzirik gabe ulertuko den beste udalerri batean gauzatzea”.
“Ez nau batere harritzen Zarauzko saihesbidearen proiektua geldiarazi zutenek, orain Santa Klarako lur azpiko pasabideko obra geratu nahi dutenekin batera, euren burua zoriontzea Aranburuk ezin duelako bere proiektua burutu Talaimendiko urbanizazioen ondoan. Pena handia ematen dit proiektu honekin gertatutakoak, baina ez nau batere harritzen, proiektu honek jasan behar izan duen kanpaina oztopoz, trabaz eta erasoz betea egon delako”, aitortu du.