Gutuna: 'Auzolanean eraiki nahian'

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 15a, 12:57
Irailean, uda agurtzeko festa antolatu zuen Torreoia Bizirik taldeak, tartean, ardi txakur lasterketa. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Torreoia Bizirik taldearen izenean, Sonia Mosquera Etxabek Torreoiaren inguruko honako idatzia bidali du.

Badira hilabete batzuk Zarauzko udalbatzarrean, Torreoia Bizirik elkarteak 3 puntuetan banatutako konpromisoak eskatu zizkiola Udal Gobernuari. Lehenbiziko puntua, Zarauzko Udalak aurreko agintaldian irekitako bideari jarraipena emateko konpromisoa hartzeko eskaera izan zen. Bigarrengoan, Denboraren parkea proiektua amaitu eta aurreproiektuan aurkeztutako espiritua mantenduz, proiektuarekin bat egiteko konpromiso politikoa hartzea. Eta hirugarrena (onartu zen puntu bakarra), 2017-2018 urteen artean proiektua garatu ahal izateko, Zarauzko Udalak behar den aurrekontua onartzeko konpromisoa hartzea, izan zen.

Azken hilabete hauetan, Torreoia Bizirik elkartea hainbat aldiz ahalegindu da udalarekin elkartzen, gaur arte inongo erantzunik jaso gabe. Azken udalbatzarrean, helegite bat sartu zen, udalaren erantzun eza ikusirik, non aurrekontu baten proposamena egiten zen. Hau ere atzera bota zen.
 
Torreoia Bizirik elkarteak 5 urte baino gehiago daramatza torreoia eta inguruko parkeari bizitza eman nahian, lanean. Asanbladan oinarrituta, hainbat ekimen burutu izan dira auzolanaren bitartez. Torreoia Bizirik eragileak baliabide ekonomiko gutxi ditu, baina giza baliabideak soberan ditu. Azken baliabide honek egiten du eragile bat eraginkorra. Hau gabe, ez aurrera ez atzera.

Halere, instituzioekin elkarlanean aritzea ere ezinbestekoa izan behar du. Eragileak motorra izan beharko luke, eta instituzioak laguntzaileak. Erabaki batzuk elkarrekin hartu beharra daude. Behintzat, gutxienez, kasuan kasuko eragileak dioena jakin eta denen artean adostuz. Horixe, besterik ez da instituzioei eskatzen zaiona. Kontutan hartzea tokian tokiko eragile oro.
 
Bukatzeko, Martxoak 18an Torreoiko parkean burutuko den auzolanera gonbidapena luzatu besterik ez.
09:30ean Vistalegreko konposta gunean (Auzo elkartetik hurbil aurkitzen da). Eraman beharrekoa: umorea eta gozatzeko jarrera. Elkarrekin, auzolanean... Adiorik ez! Larunbata arte baizik!