Martxoaren 30ean abiatuko da Otxandiotik (Bizkaia), eta 2.535 kilometroko ibilbidea eginda, apirilaren 9ean emango diote bukaera Iruñean. Bide horretan, apirilaren 5ean iritsiko da Korrika Urola Kostara. Zehazki, Zarautzera goizaldean helduko da, 01:31 inguruan.
Aurrez, girotzeko, askotariko ekitaldiak izango dira Korrika Kulturalaren barruan. Aste honetarako hiru hitzordu antolatu dituzte. Batetik, bihar, ostegunean Bertso Korrikako saioa izango da Urpekoak elkartean. 18:30ean euskara ikasleentzat bertsolaritzari buruzko tailerra egingo dute, eta jarraian, 20:00etan, bertso emanaldia izango da Joritz Bastarrika, Markel Eizagirre, Beñat Jauregi eta Iñigo Mantzisidor Mantxi-rekin. Itziar Unanue ariko da gai-jartzaile lanetan.
Ostiralean, berriz, Egunkariari buruzko dokumentala izango da ikusgai Modelo aretoan. Gaur irekiko ditu ateak lehenbiziko euskarazko kazetaren sorrera nola izan zen kontatzen du. 22:00etan izango da.
Korrika kalean izango da larunbatean, Lege Zaharren enparantzan, 18:00etatik aurrera.
Korrika Txikia, apirilaren 4ean
Korrika nagusiaren aurretik, apirilaren 4ko arratsaldean egingo dute Korrika Txikia. 16:45etik aurrera, eskolartekoek herrian zehar egingo dute ibilaldia, Agoueseneko biribilgunetik hasi, kiroldegi aurretik igaroz, Zelai Ondo gurutzatuz eta Kale Nagusira.