EH Bildu: "Surf zentroaren inguruko bere kudeaketa negargarria justifikatu ezinean dabil alkatea"

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 17a, 13:30
Surf zentroa kokatu nahi zuten Talaimendiko gunea.

Xabier Txurruka alkateak "oinarririk gabeko akusazioak" egin dituela adierazi du koalizioak, eta "txostenak kontra" izanda, bera izan dela proiektua "berriro martxan jarri duena".

EH Bilduko udal taldeak Zarauzko alkate Xabier Txurrukari erantzun dio, surf zentroaren inguruan egindako adierazpenen hairira, ondorengoa esanez: "Hedabideetan egin dituen azken adierazpenek argi erakusten
dute Talaimendiko magalean eraiki nahi zen surf zentroaren inguruko bere kudeaketa negargarria justifikatu ezinean dabilela".

Koalizioaren ustez, "oinarririk gabeko akusazioak" egin ditu, eta horren aurrean, hainbat galdera luzatu ditu. Batetik, aurreko agintaldian –2014ko urrian– proiektua Talaimendin egiteari ezezkoa eman zitzaiola adierazi dute, eta hori dela-eta, "alkateak zergatik dio EH Bildu sustatzaileak nahasten eta mareatzen ari dela, bera izan denean proiektua berriro martxan jarri duena, jakinik Zarauzko Udaleko txostenak kontra zituela?"

Bestetik, ondorengoa galdetzen dute: "Zergatik jo du Diputaziora eta Jaurlaritzara, Zarauzko Udaleko teknikariek –Hirigintzakoak eta Ingurumenekoak– ezezkoa eman diotenean? Akaso bere alderdikideen babesa eta tratu berezia espero al zuen instituzio horietatik? Berak [Xabier Txurruka alkateak] dioen moduan, ez da serioa eta etikoa”.

EH Bilduk dio "erantzunkizuna argia" dela, eta "alkateak berak ere aitortu du azkenean Jaurlaritzaren Lurralde Antolamenduko Batzordearen txostenak emandako ezetza onartuko duela, udal ingurumen teknikariaren ezetzaren ildo berdinetik emandako erantzuna, hain zuzen. Orain ez dezala haizagailua piztu eta akusazioekin herritarrak despistatu".

Aritz Aranburuk eta Powertxiki enpresak aurkeztutako proiektua "oso ondo ulertu" duela azpimarratu du koalizioak. "Horregatik jarraitzen dugu beste kokapen bat topatzeko gure prestutasuna berresten, uste dugulako Zarauzko herriarentzat interesgarria izan daitekeela, baina ez edozein tokitan eta edozein preziotan".