«Maletan geratzen den hori zer den kontatu nahi izan dugu ipuinen bidez»

Aritz Mutiozabal 2017ko mar. 21a, 08:00
Bekaren irabazle Ainhoa Pinedo eta Libe Eizagirre, eta Immigrazio zinegotzi Iratxe Zorrozua (Aritz Mutiozabal).

Zarauztik Mundura, Mundutik Zarautzera beka irabazi dute Ainhoa Pinedok eta Libe Eizagirrek, Maletetatik ateratzen ez dena lanarekin. Gaur aurkeztuko dute Modelon, 19:00etan.

Zarauzko Udalaren Zarauztik Mundura, Mundutik Zarautzera ikerketa bekari esker, Maletetatik ateratzen ez dena izeneko liburua landu dute Ainhoa Pinedok eta Libe Eizagirrek. Herriko migrazio egoera oinarri hartuta, eta hori ezagutzera emateko, hamabi lekukotza jaso dituzte ipuin formatuan. «Maletan geratzen den hori zer den kontatu nahi izan dugu. Alegia, hona etortzeak zer-nolako eragina izan duen beraien bizipenetan, han utzitako familia, bidaian izandako gorabeherak eta halakoak azaltzeko».

Liburua gaur aurkeztuko du­te, Arrazismoaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Immigrazio zinegotzi Iratxe Zorrozuak ondorengoa adierazi du, egun seinalatua kontuan izanda: «Guk, hemendik, ez ditugu munduan barrena ugaritzen ari diren hesi berri horiek botako, baina lan honekin xume-xume gure barneko hesiak elikatzen dituzten beldurrak eta aurreiritziak desegiten lagunduko dugulakoan gaude».

Aurkezpen ekitaldia 19:00­etan izango da, Modelo aretoan, eta ondoren Africa paradis filma emango dute. Bertaratzen direnei liburua doan emango zaie. Guztira, mila ale kaleratuko dituzte, eta herriko ikastetxeetan banatuko dituzte. Argitalpena eskuratzeko interesa duten herritarrek Gizarte Zerbitzuarekin harremanetan jarri daitezke.


Gertutasuna bilatuz

Libe Eizagirre gizarte antopologiako ikaslea  da, eta Ainhoa Pinedo gizarte hezitzailea eta pedagogia ikaslea. Hala, lana ipuin bidez egitea iruditu zitzaiela egokiena adierazi du Pinedok, «irakurlearentzako errazagoa izango zelako haien azalean jartzeko eta gertutasuna lortzeko».

Hainbat irizpide zehaztu zituzten –bertara etortzeko arrazoia zein izan zen, jatorria, sexua eta adina–, eta horren arabera erabaki zituzten nortzuk elkarrizketatu. «Iruditzen zaigu pertsona hauen bizipenak eta errealitatea jasotzea inportantea dela. Azkenean, Zarauzko herriarentzat eraldaketa bat suposatzen du, bai kultural aldetik bai identitate aldetik; izan ere, bakoitzak norbanako gisa gure herria bizitzeko modu ezberdina dugu, eta modu horiek azaleratu nahi izan ditugu», esan du Eizagirrek.

Espero dute egindako lanak balio izatea besteenganako aurreiritziak apurtzeko eta norbere burua zalantzan jartzeko, «etorkizun batean sistemak dituen ezberdintasunekin bukatzeko».

Elkarrizketaturiko asko Hego Amerikakoak dira. Duela pare bat urteko ikerketak aztertuta, migrazio jatorri nagusiak Hego Amerikakoak zirela ikusi zuten, eta hori islatu nahi izan dute ikerketa lanean. Baina Afrikako herrialdetatik etorrikorik ere bada liburuan. Baita Extremaduratik bertaratutako lekukotza bat eta Zarauztik Herbehereetara joandako beste batena ere. Lekuko batzuen izena anonimatuan mantendu dute, haiek horrela eskatuta, eta gainerakoen kasuan, berriz, euren izena erabili dute, baina abizenik eman gabe. Liburuan jasotako ipuinak lekukoen adinaren arabera ordenatu dituzte.