Astronomiaz gozatzeko aukera, datorren astean

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 21a, 10:30
Martxel Aizpurua Arkamurkako kidea azalpenak ematen, eguzki behaketa batean. (A. Ventas Aldabaldetreku)

Urtero legez, Arkamurka natur taldeak Astronomia Astea antolatu du apirilaren 4tik 8ra. Hainbat hitzaldi eta eguzki nahiz gau behaketak izango dira.

Beste behin, unibertsoa behatzeko hitzordua antolatu du Arkamurka natur taldeak: Astronomia Astea. Urtero legez, hainbat hitzaldi izango dira, eta asteburuan, zikloa biribiltzeko eguzki eta gau behaketak egingo dituzte.

Lehenbiziko saioa apirilaren 4ean izango da, asteartean. Egun horretan Arkamurkako kide Iñigo Elortzak artea, musika eta zineman unibertsoa nola jasoa izan den izango du hizpide, Unibertsoa etxeko saiolan hitzaldiarekin.

Hurrengo egunean, apirilaren 5erako (asteazkena) EHUko irakasle Jesus Arregi Bengoa gonbidatu dute. Grabitazio uhinak, dantza espaziala hitzaldiaren bitartez, Albert Einsteinen Grabitatearen Teoriarekin aurresan zuena aztertuko dute. "Newtonen grabitatearen teoria zehaztasun handikoa izan bazen ere, baziren fenomeno batzuk teoria horren barruan azal ezin zitezkeenak, Merkurioren perihelioaren aldaketak kasu. A. Einsteinek, arazoa beste ikuspegi erabat ezberdin batetik aztertuz, Newtonen teoriak azal ezin zituen fenomeno horiek argitzeaz gain fenomeno berriak aurresan zituen, ikerketa eremu berriak irekiz,  hala nola, argi-izpien ibilbidearen okertzea masa baten ingurutik pasatzean eta grabitazio-uhinen existentzia. Azken fenomeno hori ez da esperimentalki neurtu duela urte bat arte". Fenomeno horren nondik norakoak azalduko ditu Arregik.

Hirugarren hitzaldia ostegunean, apirilaren 6an izango da, Ricardo Hueso Alonso EHUko irakaslearen eskutik. Jupiterren lainoen azpian: Juno misioa saioaren bitartez, Eguzki Sistemako planeta handiena gehiago ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. 2016ko uztailaren 4ean heldu zen Juno misioa Jupiterren orbitara, planetaren egitura sakona aztertzeko helburuarekin.

Hitzaldi guztiak argazki eta musikaz lagunduko dituzte. 20:15ean izango dira, Arkamurkaren egoitzan.

Behaketak

Larunbaterako, berriz, bi behaketa antolatu dituzte. Batetik, eguzkia behatuko dute eguerdian, 12:00etatik 14:00etara, Munoa plazan. Ohi bezala, teleskopio handiez baliatuz, eguzkiaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da.

Gauean, aldiz, Torreoian izango dute hitzordua, 21:00etan, zerua aztertzeko asmoz. Ilatargia astronomia taldea eta Arkamurka elkarlanean ariko dira bi saio horietan.

Astronomia Astearen ingurruko informazio osoa, Arkamurkaren blogean aurki daiteke.