Hezkuntza publikoan biharko grebara deitu dute sindikatuek

Zarauzko hitza 2017ko mar. 21a, 15:57

Biharko hezkuntza publikoan grebara deitu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak hobetzeko eskatu dute. Ikasle Abertzaleak-ek, berriz, ostegunerako deitu ditu ikasleak grebara.

Hezkuntza publikoko lan baldintzak hobetzeko eskatuz, eta “berdintasuna eta heziketa integralaren bidean hezkuntza publikoa ardatz izango duen politika” exijituz, bihar hezkuntza publikoan grebara deitu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleak, hezkuntza bereziko hezitzaileak, Haurreskoletako langileak, sukaldariak eta garbitzaileak deitu dituzte lanuztera.

Grebaz gainera, biharko mobilizazioak deitu dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Donostian manifestazioa egingo dute Boulevardik irtenda, 12:00etan.

Hiru sindikatu horien arabera, Iruñea eta Gasteizko gobernuek kontrako noranzkoa hartu dute: “Ezarri dituzten murrizketekin, hezkuntza inbertsio erabat eskasekin eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiekin”. Ondorioz, hezkuntza publikoaren egoera “larria” dela adierazi dute sindikatuek. Eta, eskatu dutena da, hezkuntza publikoan negoziazio eskubidea berreskuratzea eta lan baldintzak “nabarmen hobetzea”.

Sindikatuen arabera, 2.000 langile gehiago behar dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan, eta 900 gehiago Nafarroan. Era berean, jakinarazi dute behin-behinean daudela langileen %40 (%38 irakasleetan, %57 Haurreskoletan, %58 heziketa berezian eta %63 sukaldaritzan eta garbiketan), eta hori %6ra murriztu beharra dagoela nabarmendu dute.

Irakasle kopurua gehitzeaz gain, ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua %10 gutxitu beharra eskatu dute sindikatuek. Eta, premiazkoa jo dute irakasleen ordezkapenak lehen egunetik egitea.

Ikasleek martxoaren 23rako deitu dute grebara

Ostegunean, berriz, Ikasle Abertzaleak-ek unibertsitateko eta Hego Euskal Herriko ikastetxeetako ikasleak deitu ditu grebara, Lomce, Heziberri, EU2020 sistemari aurre egin! lelo hartuta.