Mikel Elorzaren iritzia 'Berria'-n: "Min ematen duen tokian"

Zarauzko hitza 2017ko mar. 22a, 11:54

Aztoratuta dabil lagun mordoxka gure herrian, ernegatuta ere bai batzuk. Grebagatik. Kiroldegiko langileen grebagatik.

Zeren eta besterik ez dakit, garraioarenak arazo batzuk sortzen ditu, Bizkaiko zaharren egoitzetako langileenak bat ere ez —aitona-amonen zaintzaileak, garbitzaileak... badakizu—, herrian bertan udal instalazio zenbaiten garbitzaileenak ere ez zuen aparteko zalapartarik sortu, baina honek... honek min egiten duen tokian jo gaitu: kiroldegian! Astebete itxita egon da —lehenago beste egun batzuk ere bai—, eta a ze sufrikarioa, ez gara nor gure eguneroko gimnasio- edo igerileku-saioa kentzen badigute. Gure bizimoduaren arlo garrantzitsu bati eragiten dio grebak, eta horregatik bereziki hunkitzen gaitu. Horrelakoa da gure fede berria: izerdigintza.

Grebaren beraren bilakaerari buruz zerbait komenta liteke: udalak aste honetan konponbidearen alde lanean ari dela adierazi du, eta langileon soldaten zenbakiak jakinarazi. Espainiako Gobernuak egin berri du portuetako zamaketarien kasuan. Numeroak ematen dituzu, informatzeko asmo guztiz aratzarekin noski, baina edozeinek esango luke herritarrak lubakia aukeratu dezaten bultzada dela, langile pribilegiatuak ez ote diren hauek... Ez-landun ez-pribilegiatu gehiegi dagoen tokian harrera ona izan ohi du mezu horrek. Miseriako soldatak edo pentsioak kobratzen dituztenen protesta-kasuetan kostako zaizu Administrazioa edo ugazabak numeroak ematen ikustea!

Iritzi artikulua osorik BERRIA.EUS-en.