«Hitz egin dezagun bizitzaz»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mar. 23a, 09:00
Iñaki Peña Bandres medikua, Alameda hoteleko kafetegian (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Death Cafe eta HUCI  proiektuekin lotuta, heriotzaren inguruko solasaldia egingo dute gaur Alameda hoteleko kafetegian. Helburua heriotzaren inguruan dauden tabuak apurtzea da.

Heriotza momentu bat da, une biologiko bat. Zer hitz egin dezakegu horri buruz? Inork ez du erantzunik. Horregatik hitz egin dezagun dakigunaz».  «Dakigunaz», heriotzaren aurreko zein ondorengo egoerari buruz. Funtsean, bizitzaz hitz egiteko hitzordu berezia izango da  gaur Alameda hoteleko kafetegian. Zarauzko bizilagun Iñaki Peña Bandres eta Amaia Artze osasungileek bultzatuta, hainbat proiekturen barruan egingo dute gaurko topaketa, 18:00etatik aurrera.

Alde batetik, mundu mailako Death Cafe topaketen barruan antolatu dute. 2011ko irailean sortu zuen Jon Underwoodek ekimen hori, Londresen. Horren helburua da heriotzari buruz modu askean hitz egitea leku atsegin batean, kafe baten bueltan. Orduz geroztik, 4.000 topaketa  baino gehiago egin dituzte 40tik gora herrialdetan. Horietako bat izango da Zarauzkoa.

Bestetik, HUCI ekimenarekin bat egingo dute gaurko hitzorduan. Duela hiru urte abiatu zuten proiektua Espainian. «UCI Zainketa Intentsiboen Unitatearen gaztelaniazko siglari dagokio eta H hizkia, berriz, humanizatzeari», azaldu du Peñak. «ZIUko langileak konturatu ziren bisitetarako ordutegiak oso hertsiak zirela, oso mugatuak. Ikusi zuten, bereziki gaizki zihoazen kasuetan, malgutu egin behar zela hori».  
Gogoratu du ZIUak direla «kasu larrietan bizitzak salbatzeko osasungintzak dituen azken baliabideak», eta «sarritan kasuak aurrera ateratzen direla, baina beste kasu batzuetan, ordea, ez dela horrela». Izan ere, «heriotza hor dago». «Askotan, gainera, izaten da jende gaztea, bat-bateko istripuak edota bat-bateko gaixotasunak izan dituena. Hori guztia kudeatu egin behar da denbora laburrean».

Peñak jakinarazi duenez, osasungintzako profesional batek sortu zuen HUCI,  halako egoera bat azalean bizi ondoren. «Ikusi zituen gure sistemaren alde onak eta ez hain onak. Horregatik nahi dute humanizatu; teknikoki prestatuta egon arren, agian batzuetan hitza eta belarriak falta direlako. Batzuetan ez dakigulako entzuten, ez dakigulako entzule soil bat bezala jokatzen».


Tabua «hausteko»

Doluaren gaia «geroz eta gehiago lantzen» bada ere, zaintza intentsiboetako langile batzuk «agian arlo horretan ez dira hain eroso sentitzen», Peñaren arabera. Lehen munduan, «gizarte mailan nahiz  osasungintzan aurrerapen pila bat» daudela dio,  baina giza harremanetan «galdu» egin dela, «dirurik kostatzen ez duten gauzetan», hain zuzen ere.

Hala ere, hori pertsonaren araberakoa dela nabarmendu du: «Enpatia sentitu eta besteen larruan ipintzearen ala analisietan eta eskanerren atzean ezkutatzean, hor dago gakoa. Humanizatzea pertsonen mende dago». Humanizatze horretan, heriotzaren inguruan «ikusgarritasuna piztea» dute helburu ekimenok, «tabuak apurtzea».

Eta zergatik den tabua heriotza? Peñaren ustez, guztia «eldarnio txiki bat» da. «Egungo gizartean gaztea izan behar zara, polita, argala… Nahiz eta 60 urte izan, gaztea zara, baldin eta sasoiko baldin bazaude. Hori eldarnio bat da. Adin batera heltzen zarenean—nahiz eta sasoiko egon, nahiz eta burua oso ongi izan—, ordea, ez zara gaztea. Ukatzen dugu denborak aurrera egiten duela; hori da lehenbiziko ukazioa. Zaharra hitza tabua da, heriotza den bezala». Zahartzarora heltzea, ordea, «zorte bat» dela dio, «are gehiago, burua ondo izanda eta sasoian egonez gero».

Horregatik, Peñaren ustez, heriotza «gizartean ezkutatuta» dago, baina jendeak «jakinmina eta beharra» dauka, «guztiok bizi dugulako lehenago edo beranduago gertu halako esperientzia bat». Peñak jakinarazi du horri aurre egiteko baliabide «pila bat» dagoela, «helduleku asko». «Esaterako, espiritualtasuna. Adinekoen kasuan, zer esanik ez. Orain ere asko ari da zabaltzen budismoaren kontzeptua, eta baita beste erlijio mota batzuk ere. Kirola, natura, mindfullness-a... dira beste heldulekuetako batzuk».


«Libre» hitz egitea

Jendea «egarriz» dagoela dio, «zama kentzeko, baina aldi berean, aurrera egiteko». «Askotan esaten da aurrera egin behar dela, ez dagoela besterik. Eta ezin badut aurrera egin, zer? Nola egiten da aurrera? Noski dagoela besterik, dago negar egitea, dago hitz egitea...». Hori litzateke beste helduleku bat: komunikatzea, partekatzea.

Hori izango da gaurko hitzorduaren egitekoa. Argi utzi du ez dela dolu talde bat izango, baina norbere esperientziak elkarbanatzeko aukera izango dela. Artzek eta Peñak aurkezle papera izango dute, eta host edo anfitrioi moduan ariko dira. «Guztiok geure burua aurkeztu eta hitz egiten hasiko gara. Libre hitz egitea baita helburua». Solasaldirako 15 lagunetara mugatu dute, «giro intimoa sortzearren». Norbait kanpoan geratuz gero, bigarren hitzordu bat ezarriko dutela aurreratu du.