Aurten ere, ekitaldi "erakargarri bezain arrakastatsua" izango da Zarautzen Pazko Astean: Pro Zarautz surf txapelketa. Madrileko Fitur azokan iragarri ondoren, gaur udalerrian egin dute probaren aurkezpena, Argiñanoko terrazan. Xabier Txurrukaren arabera, "egutegian gorriz markatutako ekitaldia" izango da aurtengoa ere. Hain zuzen ere, apirilaren 19tik 23ra bitartean jokatuko dute Borghetto parean, Gipuzkoako Surf Federazioak eta World Surf Leaguek antolatuta, Zarauzko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. WSL zirkuituko Europako txapelketa denboraldiko hirugarren proba izango da, gainera.
"Zarautzek surfarekin duen tradizioari eutsiz, urte askotan ospatu gabe egon ondoren, iaz berreskuratu genuen txapelketa", gogoratu du Txurrukak. "Apustu sendoa" izan zela dio, eta "eguraldia eta olatuak" lagun izanda, "ongi atera" zela. Horregatik, eta izan zuen "arrakasta" ikusirik, aurten ekitaldia errepikatzeko "inongo zalantzarik" ez dute izan. Ohartarazi du aurtengo hitzorduari "are anbizio handiagoarekin" helduko diotela. Izan ere, iaztik mailaz igo dute txapelketa: QS 1000 kategoriatik QS 1500 mailara, zehazki.
Horrenbestez, puntuazioak eta sariak ere oparoagoak izango dira, iazkoarekin alderatuta. Maila bakoitzean—emakumezkoak eta gizonezkoak—, 1.500 puntu eskuratuko dituzte irabazleek, eta sariei dagokionez, berriz, 40.000 dolar banatuko dituzte garaileen artean. Iaz 20.000 dolar eman zituzten saritan.
Iaz bezala, aurten ere sariak berdinduko dituzte bi mailetan. Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakari Maialen Saezek ohartarazi du euren erronketako bat beteko dela aurten ere txapelketa honetan: parekidetasuna bultzatzea. "Beharrezkoa da emakumezkoek zein gizonezkoek errealitate bera partekatzea, berdintasun erreal batera heltze aldera. Pro Zarautz horren adibide da".
Hainbat 'wildcard'
"Goi mailako surflarien abileziekin gozatzeko aukera paregabea" izango dela 5 egunetan zehar. 200 surflari inguruk hartuko dute parte mundu mailako surf zirkuituko proban, etxekoez gain, Hawaii, AEB, Brasil, Uruguai, Argentina, Israel eta Europatik etorritakoek. Jeremias San Martin WSLko Espainiako ordezkariak zehaztu du Europako surflari onenetariko batzuk bilduko direla Zarautzen: "WQSko sailkapeneko 100 surflari onenak izango ditugu lehian. Proba garrantzitsua da, beraz". Oraindik ere behin betiko zerrenda ez dute itxi, baina baieztatu dute Gony Zubizarreta galiziarra; Pedro Henrique brasildarra; Jake Marshall estatubatuarra; Jonathan Gonzalez (kanarriarra, Vincent Duvignac, Maud Le Car eta Justine Dupont frantsesa; Ariane Otxoa bizkaitarra eta Teresa Bonvalot portugaldarra bertan izango direla.
Wildcard-a jaso duten surflariak zeintzuk diren aurreratu du San Martinek. Aurten, lau zarauztarrek eta zumaiar batek jaso dute gonbidapena Pro Zarautzen parte hartzeko: Ainara Aymatek—iaz ere jaso zuen–, Ruben Vitoriak, Hodei Collazok eta Nadia Erostarbek nahiz Imanol Yeregik. Zentzu horretan, Oier Illarramendi Gipuzkoa Surf Federazioko txapelketetako arduradunak nabarmendu du Pro Zarautz "jauzia" emateko proba aproposa dela. "Ni surflaria izan naiz gaztetatik, eta orain ikusten ditut Ruben, Ainara eta atzetik datozen gazteak, eta eurentzat tranpolin ederra da txapelketa da hau. Horregatik, espero dut urte askoan zehar jarraitzea".
Horrekin lotuta, San Martinek gaineratu du Zarauzko proba "historikoki garrantzitsua" dela irabazleen zerrendari erreparatuz gero: "Iaz, esaterako, Jonathan Gonzalez kanariarra eta Pauline Ado baionarra izan ziren garaileak. Zarauzkoa jokatu ondoren, Gonzalez Europako txapelduna izan zen, eta Ado, berriz, mundu mailako 15 emakumezko surflari onenen artean dago egun. 2011ean Gabriel Medinak irabazi zuen. Brasildarra munduko elite mailako surflari onenetariko bat da; are gehiago, munduko txapelduna izan da".
Surfaz harago
Surf ikuskizunaz harago, alkateak azaldu du aipatutako 5 egunetan askotariko ekitaldiak izango direla bertaratzen direnek "aspertzeko aukerarik" izan ez dezaten. Saezen arabera, "balio erantsia" eman nahi diote surf komunitateari, eta programa teknikoak mantentzeaz gain, surfaren kultura bultzatzeko asmoa dute. Hala, hainbat berrikuntza izango dira. Batetik, skate parkea "pasarela inprobisatua" bilakatuko dela jakinarazi du, "federatu ekintzaileenak euren lanak erakutsi ditzaten". Bestetik, Modelon surfarekin lotutako bi emanaldi eskainiko dituzte. "Zarautz munduan zehar ezaguna egin dutenak" omenduko dituzte horien bitartez: Aritz Aranburu, Axi Muniain eta Aitor Frantzesena Gallo surflari zarauztarrak, hain zuzen ere.
Horrekin batera, Emakumea surflari ekimena ere aurkeztuko dute. Saezek jakinarazi duenez, emakumeen artean surfa bultzatzeko programa da honakoa. "Calcuta Ondoan ere gonbidatu dugu, surfaren alde solidarioena bultzatzen duen erakundea. Lan garrantzitsua ari da egiten surfaren eta skatearen praktikaren bitartez Indiako neska-mutikoak gizarteratzeko".
Musika ere presente egongo da, txapelketaren gunean nahiz Munoan atonduko duten oholtzan. Zentzu horretan, herritarrek aukeratu ahalko dituzte Pro Zarautz Musika Jaialdia zabalduko duten musikariak. Hala, federatuek euren lanak bidali ditzakete eta bozketa sare sozialen bidez egingo dute. Jaialdia apirilaren 21an izango da. Horrez gain, Grises, Niña Coyote eta Chico Tornado zein John Berkhout taldeek ere eskainiko dituzte kontzertuak eta disko-jartzaileek ere izango dira txapelketa girotzen.
Aldundiko Kirol zuzendariak, Goizane Alvarezek, antolatzaileak zoriondu ditu erronka horri eusteagatik. Zehazki, "surfa kirolaz harago eramateko ilusioagatik" eskerrak eman dizkie antolatzaileei. Surfa "bizitza estilo bat" dela esan du, eta naturarekiko errespetua bultzatu eta askotariko baloreak barnebiltzen dituela, besteak beste, parekidetasuna. Pro Zarautz horren adierazle dela nabarmendu du, aurten ere sariak berdinduz. Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Maider Etxebarriak, bere aldetik, euskal kostaldeak surfarekin duen lotura nabarmendu du, eta horrek, aldi berean, turismoarekin. Horregatik, espero du aurtengo Pro Zarautz ere "arrakastatsua" izatea.