Pagoeta Mendi Lasterketaren 14. edizioa apirilaren 30erako (igadea) antolatu du Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak, Pagoeta Mendizale Elkartearen laguntzarekin. Zarauzko kiroldegiaren aurrean hasi eta bukatuko da proba. Aurten, bi berrikuntza nagusi izango ditu: alde batetik, ohiko ibilbide nagusia 21 kilometrora luzatu dute. Beste aldetik, berriz, 7,5 kilometroko ibilbide mistoa antolatu dute, neska-mutilez osatutako bikoteka egiteko.
Ibilbide mistoa antolatuta, "emakumezko gehiago animatu eta mendian asko ibiltzen ez direnak erakarri" nahi dituzte antolatzaileek Pagoetako lasterketara. "Horretarako, proba mistoa antolatzea neurri aproposa izango litzatekela pentsatu dugu, distantzia motzekoa eta zailtasun tekniko handirik gabekoa".
Izen-ematea irekita
Bi probetan izena emateko epea duela aste batzuk zabaldu zuten www.kirolprobak.com webgunean. Ibilbide mistoa jasotzen ari den harrerarekin harrituta daude antolatzaileak: "Harrera ona izaten ari da. Izan ere, orain arteko datuak ikusita, izena emandako gehiago daude ibilbide mistoan nagusian baino". Gaur, martxoak 23, eguerdirako luzean 55 pertsonek zuten izena emanda eta mistoan 64 lagunek.
Azken urteetan bezala, Zarauzko Triatloirako dortsal bat zozketatuko dute ibilbide nagusiko eta mistoko parte hartzaileen artean. Zozketan parte hartzeko, ordea, martxoaren 30a baino lehen Pagoetako lasterketarako izena eman beharra dago Kirolprobak webgunean, eta, izena emateko garaian, galdeketan zehaztu behar da zozketan parte hartu nahi dela. Dagoeneko izena eman eta zozketan parte hartu nahi dutenek, hori adieraziz mezu bat bidali beharko dute pagoetamendilasterketa@gmail.com helbidera. Triatloirako dortsalaren zozketa martxoaren 31n egingo dute.
Ibilbide nagusia, berritua
Ibilbideari arreta berezia jarri diote antolatzaileek, "pasabide ederrenak bilatzeko ahalegin guztiak egin ditugu". Azken egunetan, ibilbidearen hainbat tokitako bideak txukuntzen jardun du Salbatore Mitxelena Ikastolako guraso taldeak.
Ibilbide nagusia luzatu egin dute: 21 kilometro eta 1.600 metroko gora-behera metatua izango ditu. Hainbat kilometrotan Pagoeta Natur Parketik igaroko da, mugarrietako bat Pagoeta mendiko gurutzea izango du, eta zati handiena mendi bidea da. Ibilbidea zirkularra denez, lasterkariak ez dira bi aldiz leku beretik pasatuko. Irteera 09:30ean du, Zarauzko kiroldegiaren aurretik.
Ibilbide mistoa, 7,5 kilometrokoa
Zarauzko kiroldegi paretik hasi (09:45ean) eta Urteta auzo paretik pasatuko da, berriz Zarautzera Olaa baserritik barrena itzultzeko. Ibilbide zirkularra da hau ere, eta bide erdia laua da, zailtasun teknikorik gabekoa.
Bi probak bukatutakoan parte hartzaileentzako eta ikusleentzako hamaiketakoa izango da, doan. Irabazleentzako sariak izango dira, eta parte hartzaile denen artean hainbat opari zozkatuko dituzte.