Kiroldegiko langileen auzia

Kontraproposamenari "lehenbailehen" erantzungo diotela espero dute kiroldegiko langileek

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 23a, 14:19
Zarauzko Aritzbatalde kiroldegia (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Soldata KPI gehi 1,8 puntu igotzea eskatu dute, eta begiraleei eskolak prestatzeko orduak ordaintzea. BPXport langileek eskatutakoa aztertzekotan geratu da. Konponbiderik ezean, greba mugagabera joko dute langileek astelehenean.

Kiroldegiko langileak BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako ordezkariekin eta Udal Gobernuko ordezkariekin bildu ziren atzo, beraien kontraproposamena aurkezteko. Astelehenean, Udal Gobernuak BPXporten proposamena jarri zien mahai gainean, besteak beste, soldata KPI gehi 0,5 puntu igotzea aurreikusten zuena. Enpresaren planteamentua asanbladan aztertu ondoren, txosten bat landu zuten langileek, eta hori izan zen atzoko bileran alde guztiei aurkeztu zietena. ELA sindikatuko Urola Kostako zerbitzuetako arduradun Janire Diazek jakitera eman duenez, soldata KPI gehi 1,8 puntu igotzea eskatu dute; orain arteko KPI gehi 2ko igoera hori jaitsi egin dute.

Horrez gain, "begiraleek eskolak prestatzeko 2 ordu ordainduta izatea eskatzen genuen, baina enpresak ez zigun onartzen", dio Diazek. Arlo horretan, langile bakoitzaren lanaldiaren araberako proposamena egin dute: "%20ko lanaldia baino gehiago dutenek izan ditzatela klaseak prestatzeko 2 ordu ordainduta, eta %20ko lanaldia baino gutxiago dutenek, behintzat, ordu bat. Azken finean, ulertzen dugu langileek denbora asko pasatzen dutela etxean eskolak prestatzen, eta etxean egiten duten hori ere lana da".

Gainerakoan, proposatzen duten lan plataformari eusten diote: urteko lanaldia 1.595 ordukoa izatea eta hitzarmena indarrean jartzea atzerapena kontuan izanda. "Izan ere, BPXportek zioen 2017tik aurrera izan behar zuela, eta guk, aldiz, 2016tik.  2012tik iraungita duten hitzarmen baldin badute, 2016ko KPIa ere errekuperatu egin behar dutela", adierazi du ELAko ordezkariak.

Negoziazioa BPXportekin

Udal ordezkariek "tarta mahai gainean" dagoela eta "tarta hori ahalik eta ondoen banatu behar dela" esan zieten, eta "gure artean eztabaidatzeko nola banatu". Diazek azaldu duenez, Baleak lehiaketara aurkezteko asmorik ez du, baina "sinatzeko prest dago". Hori horrela, negoziazioa BPXporten eta langileen artekoa izan zela.

"Gure proposamena aztertzeko geratu zen BPXport, eta erantzun bat emango zigutela esan ziguten". Erantzuna "lehenbailehen" jasotzea espero dute langileek, datorren astelehenetik aurrera greba mugagabea egitekoak baitira. "Ahalik eta azkarren itxi nahi dugu akordioa. Ikusten dugu udala eta enpresa horretarako prest daudela, baina guk ere zerbait txukuna lortu nahi dugu, eta nahi dugu beraiek ere jauzi hori ematea".