Gloria Vazquez: "Udal Gobernua koherentea izan da hasieratik"

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 24a, 17:00
Surf zentroa kokatu nahi zuten Talaimendiko gunea.

Ingurumen zinegotziak berretsi egin du Talaimendiren magalean surf zentroa eraikitzeko Aritz Aranburuk egindako eskaeraren aurrean Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) izan duen jarrera.

"Lehenik eta behin, argitu nahiko nuke proiektua aurrera eramateko enpresak eskatutako partzela ez dagoela, esan duten bezala, Iñurritzako biotopoaren barruan. Ezta biotopoaren zona perimetralaren barruan ere", zehaztu du Ingurumen zinegotzi eta PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek. "Argi utzi nahi dut, gainera, teknikari bakar batek ere ez duela inoiz esan proiektu honek biotopoa arriskuan jarriko zuenik".

Uste horrekin Plan Bereziaren hasierako onespenaren alde bozkatu zutela dio: "Udal Gobernu honen eta bereziki nire helburua da Zarauzko inguru babestuak zaintzea eta kontserbatzea. Are gehiago, nire asmoa da biotopoa herriko hezeguneetara zabaltzea".

Aurreko agintaldian, udalbatzak onartu zuen surf zentroaren proiektuak interes publiko zuela, EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin; EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen. Vazquezen arabera, "abstentzioarekin, EH Bilduk espedientea aurrera egin zezan ahalbidetu zuen". Horren haritik, "azken erabaki hori hartzea aldundiaren eskumena bada ere, EH Bilduk prozedura abiaraztea posible egin zuen bere absentzioarekin, bertan behera utzi beharrean. Ulertezina da Talaimendin kokatzearen aurka baldin bazeuden".

Espediente hura aldundira bideratu zela gogora ekarri du Ingurumen zinegotziak, "orduan EH Bilduk gobernatua", eta Plan Berezi bat egiteko eskatu ziotela enpresari. "Sinestezinena da, txostena mahai gainean zela, EH Bilduk aurka bozkatzea udalbatzarrean. Ez da normala enpresa bati Plan Berezia idazteko eskatzea, onartzeko asmorik ez badu". Hartutako erabakia "adar jotzea" eta "koherentziarik gabekoa" izan zela nabarmendu du, "erakunde publikoei ez dagokiena". Vazquezen ustez, "horrek gaur egungo egoerara ekarri gaitu".

 

"Erantzukizunez eta koherentziz"

Egungo Udal Gobernua "hasieratik erantzukizunez eta koherentziz" jokatzen ari dela zehaztu du, "oposizioko udal taldeek esan duten interes partidistetatik oso urruti". Udal Gobernuak uste du enpresak aurkeztutako proiektua "interesgarria " dela herriarentzat, eta ez ziola "arriskurik sortzen" biotopoari.

"Hori dela eta, berretsi genuen interes publikoa, eta onartu genuen espedientearen prozedurarekin hastea. Baina kokalekuak sortzen zituen zalantzak ikusita, tramitazioarekin aurrera jarraitu aurretik, txostenak eskatu genizkien hainbat administraziori". Ingurumen zinegotziaren esanetan, "arazorik ez zuen ikusten Urak, ez Ingurumen departamentuak, ezta diputazioaren hasierako txostenak ere. Ondorioz, Plan Berezia onartzea erabaki genuen".

Hurrengo pausoa aldundiaren tramitazioa bazen ere, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Batzordeak aztertu zezala eskatu zuen, eta "emaitza negatiboa izan da, non udalak amaitutzat jotzen duen espedientea", Vazquezek adierazi duenez. "Udal Gobernua koherentea izan da hasieratik, modu koordinatuan jokatu du gainerako administrazioekin, eta erabaki guztiak arrazoituta eta informatuta hartu ditu, organo eskudunen nahitaezko aginduak ontzat hartuz".