El Corazon del Sapo taldeak Putzuzulon joko du maiatzaren 6an

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 24a, 16:44
El Corazon del Sapo Altsasuko gaztetxean, 1995ean.

Hamazazpi urte geroago, Aragoiko hardcore-punk talde mitikoa taula gainera itzuliko da. Hiru kontzertutako bira labur bat egingo du, eta horietako bat Zarautzen emango du, herriko Humilitate taldearekin batera.

2017 formas de matar con unos tirantes izenburua jarri diote birari, eta Putzuzulon emango dute itzuleko lehen emanaldia. Beste biak Zaragozan eta Lakuntzan ospatuko den Hatortxu Rock jaialdian izango dira; maiatzaren 13an eta uztailaren 29an, hurrenez hurren. Zaragozako errefuxiatu taldearen aldeko elkartasun emanaldiak izango dira, eta ateratako dirua haiei laguntzeko bideratuko dute.

Putzuzuloko kontzertua maiatzaren 6an izango da, eta etxeko Humilitate taldeak partekatuko du oholtza El Corazon del Saporekin. Sarrerak apirilaren 5eko 18:00etan jarriko dituzte salgai, ondorengo tokietan: Putzuzulon bertan, Hernaniko Goiz-Argi tabernana eta Beasaingo Irizar Etxean.