1937an frankistek beren herrietatik kanporatutako emakumeak omendu ditu aldundiak

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 30a, 11:08
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldian ateratako argazkia.

Ekitaldi berean Ama nora zoaz? dokumentalaren aurretiazko pasea egin zuten; bertan hartu du parte omenduetako bat izan den Lide Balenciaga zarauztarrak.

1937an frankistek beren herrietatik bortxaz kanporatu zituzten emakumeak eta haien haurrak omendu zituen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian. Horietatik gehienak Urola Kostako bizilagunak dira. Guztira, 38 laguni egin zioten aitortza, eta horiek aurrean zituela, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak emakumeek oroimen historikoan merezi duten eta izan behar duten presentzia aldarrikatu zuen: “Gerra ez zuten gizonek bakarrik egin, frankismoa ez zuten inolaz ere gizonek bakarrik sufritu. Erbestea, jazarpena, bortxaketak… gaur hemen omentzen ditugun emakumeen egunerokoaren parte izan ziren eta aitortza eta errekonozimendu guztia merezi dute”, adierazi zuen.

Guztira, 750 pertsona inguru kanporatu zituzten frankistek Gipuzkoatik, eta horietatik erdia baino gehiago Urola Kostako bizilagunak ziren. Zumaia izan zen behartutako erbesteratze gehien jasan zituen herria (252), baina Zumaiaz gain, eskualdeko beste bost herri izan ziren kaltetuak: hain zuzen, Azkoitia (65), Azpeitia (5), Getaria (24), Zarautz (88) eta Zestoa (35). Kopuru horiek handiagoak ere izan daitezke; izan ere, aldundiaren arabera, gertakaria hedabideetan agertzen hasi denetik, kasu gehiago agertzen ari dira. Eskualdeko herri horietako alkateak atzoko ekitaldian izan ziren.

Ekitaldi berean Ama nora zoaz? dokumentalaren aurretiazko pasea egin zuten; asteburuan Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko dute film hori. Dokumentalak duela 80 urteko pasarteak biltzen ditu, eta atzo omendutako 11 emakume ditu protagonista: Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu eta Josune Sasiain zumaiarrak; Lide Balenciaga zarauztarra; Agate Sodupe eta Tere Larrar azkoitiarrak; Itziar Miren Sagarzazu eta Matilde Aizpurua zestoarrak; eta Garbiñe Andonegi eta Arantza Bullain mutrikuarrak. Hamabigarrenak, Anita Usiain getariarrak ezin izan zuen bertaratu.