Pro Zarautz 2017

«Zarauzko surf txapelketa irabaztea izugarria da guretzat»

Zarauzko Hitza 2017ko api. 25a, 09:00
Gony Zubizarreta, garaipena lortu ondoren (WSL/Poullenot/Aquashot)

Apirilaren 14an Portugalgo Caparica Primavera Surf Fest irabazi eta astebetera, aurtengo Qualifying Series zirkuituko bigarren garaipena eskuratu du Gony Zubizarretak galiziarrak Zarautzen. «Gustura» agertu da.

Espero al zenuen Pro Zarautz irabaztea?
Egia esan, ez nuen espero. Baina bukaerara arte borrokatu beharra dago, eta saiatuz gero, lor daiteke. Kasu honetan, horrela izan da.  

Zer da zuretzat Pro Zarautzen garaitzea?
Zarauzko txapelketa oso garrantzitsua da guretzat, historia luzea duen proba baita. Era berean, txapelketa hau irabaztea ez da batere erraza. Olatu hauetan beharrezkoa da teknikoki lan ona egitea, maila handiko surflariak lehiatzen baitira Pro Zarautzen. Horregatik, guretzat izugarria da hemen lehiatzeko aukera hori izatea.
Antolaketari dagokionez ere ikaragarria izan da. Lehiakideen gunea, egitaraua... Guztia primerakoa izan da.
 
Etxean bezala sentitu zarela aitortu zenuen sari banaketan. Horrek are bereziago egingo zuen garaipena, ezta?
Bai, horrek ere asko lagundu du. 14 urte nituenetik urtero-urtero etortzen naiz Zarautzera uda igarotzera. Lagun onak ditut hemen; Hodei Collazo, Aritz Aranburu eta gainontzekoekin kuadrilla ederra osatu dut. Haiek ematen didaten babesa ikaragarria da, eta kasu honetan ere hala izan da. Horregatik, oso gustura sentitzen naiz Zarautzen, etxean bezala.

Gainera, ez da lehenbiziko aldia proba hau irabazten duzuna.
2009ko txapelketan garaipena lortu nuen, eta orduko oroitzapen ederrak ditut. Aurtengoa irabazi dudala kontuan hartuta, ea datorrenean ere hala egiten dudan. Saiatzen jarraitu beharra dago.