Hirukide familia ugarien elkarteak aurkezpena egingo du ostegunean

Zarauzko Hitza 2017ko api. 25a, 14:00
Gaztelekuan izango da hitzaldia, 18:00etan.

Aurkezpena Gaztelekuan izango da, baina inguruko herrietako familia ugariak saiora gonbidatu dituzte elkartetik.

Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioak eskaintzen dituen zerbitzuen eta jardueren berri emango du ostegunean. 18:00etan izango da saioa, Gaztelekuan (Zigordia kalea 34), eta Zarauzko eta inguruko herrietako familia ugariak hitzordura gonbidatu dituzte. Elkartetik uste dute aurkezpena federazioaren zerbitzuak ezagutzeko eta familia ugariek dituzten laguntzen eta hobari publikoen informazio zehatza jasotzeko aukera paregabea izango dela herritarrentzat. Horrez gain, familiek beren iradokizunak eta erreklamazioak aurkezteko aukera ere izango dute.

Hirukidetik jakinarazi dute azken urtean familia ugariek dituzten hobarietan hainbat berrikuntza izan direla, eta horiek azalduko dituzte. Izan ere, iaztik pasaportea eta nortasun agiria egiteko familia ugarietako kideek ez dute tasarik ordaindu beharrik; eta familiek 'familia ugari' titulua izaten jarraitu dezakete seme-alaba gazteenak 21 urte edo ikasten ari bada 26 urte dituen arte. Gainera, pasa den urtetik gutxienez bi seme-alaba izan dituzten emakume langileen kontribuzio pentsioetan osagarri bat gehitzen da; osagarria hori izan dituzten seme-alaba kopuruaren araberakoa da.