Gaur jasoko du Leire Bilbaok Lizardi Saria

Zarauzko Hitza 2017ko api. 25a, 12:30
Leire Bilbao Lizardi Sariko irabazlea.

Ekitaldia Sanz Enea liburutegian izango da, 19:00etatik aurrera, eta 'Pikondoaren balada' lanaren 140 ale banatuko dituzte bertan.

Abendua bukaeran jakinarazi zuten aurtengo XXXV. Lizardi Sariko irabazlea Leire Bilbao (Ondarroa, 1978) dela. Gaur arratsaldean bertan jasoko du saria, Liburuaren Egunaren bueltan antolatutako ekitaldian. 19:00etan izango da, Sanz Enea liburutegian. Aurkezpenean bertan Pikondoaren balada ipuin irabazlearen 140 ale banatuko dituzte bertaratzen direnen artean. 3.700 euroko diru saria eskuratzeaz gain, Bilbaoren lanaren 2.500 ale kaleratu dituzte guztira.

13 lan aurkeztu dituzte aurtengo sariketara, eta horien artean ondarroarrarena nabarmendu dute Yolanda Arrieta, Alex Gurrutxaga, Miren Agur Meabe eta Nerea Arrien epaimahaikideek. Nekane Iribar Kultura zinegotziak ere ipuinaren "estilo zaindua eta dotorea" azpimarratu ditu, eta gaineratu du "gazte literatura izan arren, helduentzat ere erakargarria" dela.