Burujabetza du ardatz Askapenaren 30. urtemugak

Zarauzko Hitza 2017ko api. 26a, 13:53
Askapenako kideen agerraldia (Aritz Mutiozabal).

Urteurreneko ekitaldia urriaren 7an egingo dute Berriozarren, Borrokak uztartzen, herriok burujabe! lelopean.

Askapenak Euskal Herriko erakunde internazionalistak 30 urte betetzen ditu aurten, eta  garaiko eta egungo erakundeko hainbat kideek agerraldia egin dute gaur Zarautzen, lehen asanblada herrian bertan egin zutelako 1987an. «Urteak pasa arren, Euskal Herri sozialista, feminista, euskaldun eta internazionalista baten alde borrokan jarraiten dugu», nabarmendu zuen Jesus Valenciak.

Orain arteko bideari jarraipena eman nahian, eta, bide batez, 30. urteurrena ospatzeko, Askapenak ekitaldi politikoa egingo du urriaren 7an Berriozarren, Borrokak uztartzen, herriok burujabe! lelopean. Bertan, Euskal Herria internazionalista eraikitze bidean, «aurrerantzean lehentasunezkotzat» dituzten ildoen berri emango dute.

Urtemugarekin «herrion burujabetza» jarri nahi du erdigunean Askapenak, «ez baita proiektu askatzailerik, burujabetzaren aldarrikapenik gabe». Zentzu politikoan ez ezik, ekonomiaren, gorputzaren, elikaduraren, ekologiaren, hizkuntzaren eta hezkuntzaren gaineko «boterea eskuratzea» ere badela zehaztu du Izaskun Goienetxea kideak: «Burujabetza herri langileek bere interesak defendatzeko duten tresna garrantzitsuenetakoa da».


Hamaika ekintza

Urte hauetan «Euskal Herriko kaleak internazionalismoz bustitzea» izan du helburu Askapenak, eta, hori ardatz izanda, «hamaika» ekintza egin dituzte. Valenciak azaldu duenez, «etorkizuneko Euskal Herria eraikitze bidean, munduko herrien askapen prozesuen bidelagun izateaz gain, gure herriko askapen nazional eta sozialari ere ekarpena egin nahi izan diogu, joan-etorriko elkartasuna oinarri».

Askapenako kideen esanetan, «sistema kapitalista inperialista heteropatriarkalak munduko herriak irentsi nahi ditu, nazio, klase eta genero zapalkuntzaren bitarteaz, ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta etekin handiena ateratzeko». Sistema horren barruan ez dute alternatibarik ikusten, eta ezinbestekotzat jotzen dute «erasoei erresistentziaz erantzutea» eta «herri boterea eraikitzea».

Horren aurrean, Askapenak «determinazioz hautatutako» bidea ez dela erraza izan azaldu dute, «sistemak ez duelako onartzen bere oinarria zalantzan jartze duen proiekturik». Mugimenduak jasandako «kriminalizazio etengabea, manipulazioa eta intoxikazio mediatikoa» salatu du, erakundeko hainbat kideren atxiloketa eta epaiketa gogora ekarriz.