Oroimena eta mina

Zarauzko Hitza 2017ko api. 26a, 18:48
Jende ugari bildu da Gernikaren bonbardaketaren 80. urtemugako ekitaldian.

Gaur, Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrenean, ekitaldi berezia egin dute Bertsolari plazan, Salbatore Mitxelena ikastolak eta Hotz-Zarautz taldeak elkarlanean antolatuta.

«1937ko apirilaren 26an Gernika bortizki bonbardatua izan zen faxismoaren eskutik. Bonbardaketa honek gatazka egiteko beste modu bat suposatu zuen: zibilak erasotzea. 2017an, 80 urte igaro ondoren, beharrezkoa da oroitzapen hori gure artean bizirik mantentzea, eta beste Gernika batzuetan gertatzen ari den basakeriaren aurrean nahikoa dela oihukatzea», nabarmendu du Agate Burgaña Hotz-Zarautzeko kideak, Bertsolari plazan egin duten ekitaldian. Errefuxiatuen aldeko elkarteak eta Salbatore Mitxelena ikastolak elkarlanean antolatu dute elkartasun saioa, eta hainbat ikasle, irakasle eta herritarrek hartu dute parte bertan.

Sirena hotsekin ekin zioten ekitaldiari, garaiko bonbardaketa arriskuaren iragarpena gogora ekarriz.  Ondoren txalaparta doinuak, bertsoak eta kontakizunak izan ziren, duela 80 urte gertatutakoari lotuta. Hotz-Zarautzeko kideak hartu du hitza ondoren, eta 1936ko gerraren eragina gaur egungo gatazken ondorioekin lotu du: «Gaur egun hainbat gatazka armatu, gerrate eta suntsipen moduak ezagutzen ditugu. Basakeria hauek izugarrizko eragina dute gizartean, bereziki, gizarte zibilarengan». Gogora ekarri du Siriako gatazkaren ondorioz 470.000 pertsona hil direla—horien artean 90.506 dira zibilak—, eta 12 milioitik gora pertsonak euren herrialdetik ihes egin behar izan dutela.

«Gernikak  gerratearen laztura islatzen badu, Aylan haurraren argazkiak Siriako gatazkaren izua adierazten du». Horren aurrean, «herritarrek egin dezaketen gutxienekoa gerren biktimekin solidarioak izatea» dela nabarmendu du. Hori dela eta, apirilaren 29an eta 30ean Gernikan izango den ekitaldian parte hartzera animatu ditu herritarrak. «Guztiok elkarrekin lema bera oihukatuko dugu: gerrarik ez eta ongi etorri errefuxiatuak».

Ekitaldiaren amaieran, Mikel Laboaren Hegoak ebaki banizkio abestu dute guztiek elkarrekin.