350 parte hartzailetik gora espero dituzte Pagoeta Mendi Lasterketan

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko api. 27a, 09:00
Pagoeta Mendi Lasterketako antolatzaile Jon Azkue, IƱigo Garcia eta Gari Urdanpileta (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Dagoeneko 346 lagunek eman dute izena ibilbide nagusirako eta bikote mistoen probarako. Oraindik ere izena eman daiteke igandean jokatuko diren bi probetan.

Igandean jokatuko dute XIV. Pagoeta Mendi Lasterketa, Salbatore Mitxelena ikastolako guraso talde batek antolatuta, Pagoeta Mendizale Elkartearen laguntzarekin. Iaz hartu zuen guraso taldeak proba antolatzeko ardura, eta «zentzu guztietan izandako arrakasta» ikusita, aurten ere jarraipena eman diote. Hain zuzen ere, iaztik hona parte hartzeak «igoera nabarmena» izan duela nabarmendu du Iñigo Garciak: «Oraingoz 346 lagun daude izena emanda; iaz 170 izen-emate izan ziren». Hala, 350 parte-hartzailetik gora espero dituzte iganderako.

Haren arabera, igoera horren arrazoietako bat da aurten bikote mistoen proba ere izango dela. «Arrakasta handia izaten ari da. Une honetan soilik 3 bikoterentzat dago tokia. 100 bikotetan jarri dugu muga, eta dagoeneko 97 daude izena emanda», ohartarazi du. Horietatik 50 bikote zarauztarrak dira. «Hori nahi genuen: lasterketak izaera herrikoia ere izatea». Era berean, mendi lasterketan emakumeen partaidetza bultzatu nahi izan dute, eta mistoa txertatzearekin helburu hori lortu dutela dio.

Bikote mistoek 7,5 kilometroko ibilbide «atsegin eta polita»  egin beharko dute. Gari Urdanpiletak zehaztu du ibilbide zirkularra izango dela: igoera Urteta paretik egingo dute eta itzulia Olaa baserritik. «Ibilbide erdia laua izango da, zailtasun tekniko handiegirik gabekoa».


Nagusiki, mendi bideak

Lasterketa nagusiko parte hartzaileek, berriz, 21 kilometroko korritu beharko dituzte. Hain zuzen ere, hori da aurtengo beste berrikuntzetako bat: ibilbide nagusia luzatu dutela, alegia. «Iaz 17 kilometrokoa zen ibilbidea, eta aurten 21 kilometrora luzatzea erabaki dugu», adierazi du Urdanpiletak. Hain justu, ibilbideko hasierako eta bukaerako zatiak luzatu dituzte.

Horren ondorioz, «mendi bideko portzentajea handitu da, korrikalariek asfalto gutxiago zapaltze aldera». Hala, hasierako zatian, parte-hartzaileek ez dute Argoin Txikitik igaro beharko garai bateko Urtetako zabortegira heltzeko. «Jende gutxik ezagutzen duen mendi bide batetik» igoko dira: Basarte erreka paretik egingo dute gora. Ibilbide nagusia ere zirkularra izango da, 1.600 metroko gorabehera metatuarekin, eta bi mugarri nagusi izango ditu: Pagoetako gurutzea eta Murukil tontorra. Buelta Pagoeta Natur Parketik egingo dute. Antolatzaileek «arreta berezia» jarri dute ibilbidea zehazterakoan: «Ahalik eta erakargarriena egiten saiatu gara, partaideek goza dezaten».

Hiru anoa gune egongo dira: bata, 6. kilometroan; bestea, 9. kilometroan, Pagoetako gurutzean; eta azkenengoa, 15. kilometroan. Kontrolgunea bigarren anoa puntuan egongo da.


Dortsalak eta izen-emateak

Bi lasterketak Aritzbatalde kiroldegi inguruan hasi eta bukatuko dituzte. 09:30ean abiatuko dute nagusia, eta 09:45ean mistoa. Antolatzaileek nabarmendu dute dortsalak igandean bertan jaso daitezkeela 08:00etatik aurrera, baina gomendatu dute ahal dutenek aurrez hartzeko. Larunbatean izango da horretarako aukera, kiroldegi atzean, Kikara tabernaren ondoan atonduko duten karpan, 17:00etatik 19:00etara.

Era berean, gogoratu dute oraindik ere izena emateko aukera badagoela bi probetan. Interesa dutenek kirolprobak.com webgunean eman dezakete izena, eta baita egunean bertan ere.  


Probez gain, festa

«Ohitura onekin jarraituz», hainbat ekintza izango da lasterketa jokatzen duten bitartean eta baita ondoren ere. Jon Azkuek jakinarazi du txotxa  eta mokadutxoak izango direla doan, eta lasterketak amaitutakoan, berriz, «hamaiketako ederra».

Probak amaitzean sari banaketak ere izango dira. Hainbat banatuko dituzte: proba bakoitzeko irabazleentzat ez ezik, lehenbiziko zarauztarrentzat ere izango dira sariak. Era berean, hainbat zozketa egingo dituzte, eta partaide guztiei opari poltsatxo bat ere emango diete, babesleek eskainitako produktuekin. Eskerrak eman dizkiete laguntzaileei eta «aipamen berezia» egin diete baserritarrei eta lurjabeei, «izandako jarrera ona eta prestutasunagatik».

Probaren egunean Salbatore Mitxelena ikastolako 60 guraso eta langilek  jardungo dute boluntario lanean, eta baita Pagoeta elkarteko hainbatek ere. Haiei ere eskerrak eman dizkiete.

Erlazionatuak