Andreu Simon eta Elisabete Garate izan dira Pagoeta Mendi Lasterketako irabazleak

Zarauzko Hitza 2017ko api. 30a, 15:41
Elisabete Garatek irabazi du emakumezkoetan (Aritz Mutiozabal).

Bikote mistoen proban Igor Etxeberria zarauztarrak eta Uxoa Irigoien getariarrak osaturikoa izan da helmuga zeharkatzen lehena.

Ibilbide berritua eta luzeagoa zuen aurtengo Pagoeta Mendi Lasterketak, eta, horrez gain, bikote mistoen proba ere jokatu dute estreinakoz. Berrikuntzak korrikalarien gustukoak izan dira, eta parte hartzean ere nabarmendu da hori. Guztira, 355 lagunek osatu dute lasterketa; 177k banaka eta 178k bikoteka.

Andreu Simon katalana izan da proba nagusiko garailea gizonezkoetan; 01:33:26ko denbora behar izan du 21 kilometroak egiteko. Haren atzetik Ekaitz Kortazar durangarra eta Xabier Garate zarauztarra helmugaratu dira, hurrenez hurren; Kortazar minutu eta 40 segundora eta Garate bi minutu eta 20 segundora, hain zuzen ere. Hirukoa buru jarri da lasterketa hasieran, baina kilometroak aurrera joan ahala, beraien arteko aldeak areagotzen joan dira.

Emakumezkoetan, Elisabete Garate zarauztarra izan da nagusi. Bere denbora 02:00:56koa izan da, eta minutu eta erdiko aldea atera dio bigarren sailkatu den Marian Lucera ansoaindarrari. Ana Reina lesakarra izan da hirugarrena, irabazlearengandik sei minutura.

Aurten, bikote mistoen proba txertatu dute lehen aldiz Pagoetako Mendi Lasterketan, eta partaide aldetik erantzun ona izan du. Hauek osatu beharreko ibilbidea xumeagoa izan da, 7,5 kilometrokoa, eta Uxoa Irigoien getariarrak eta Igor Etxeberria zarauztarrak osatutako bikoa izan da garaile, 34:03ko denborarekin. Bigarrenak Lurdes Oiartzabal eta Raul Artola lezotarrak izan dira, 16 segundora; eta hirugarrenak, berriz, Vanessa Pelaez eta Javi Menta andoaindarrak, 49 segundora.

Intza Urangak eta Haritz Esnalek osatutakoa izan da Zarauzko lehen bikotea helmugan. Sailkapen orokorrean bosgarren postuan amaitu dute, 37:13ko denborarekin.