Nahikari Gabilondok eta Felix Zubiak parte hartuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusian

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 16a, 15:21
Nahikari Gabilondo 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetan (Gipuzkoako Bertspozale Elkartea).

Beste 41 bertsolarirekin batera ariko dira lehian, Nahikari Gabilondo eta Felix Zubia zarauztarrak. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irailaren 23an hasiko da Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta abenduaren 17an izango da finala Barakaldoko BECen (Bizkaia). Aurreko edizioan bezala, hamalau saio izango ditu txapelketak.

Gaur jakinarazi dute zein bertsolarik parte hartuko duten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 17. edizioan. Guztira, 43 bertsolarik eman dute izena lehian, tartean bi zarauztarrek; Nahikari Gabilondok eta Felix Zubiak.

Guztira hamalau saio izango ditu txapelketak, eta irailaren 23an izango da aurrenekoa Baigorrin (Nafarroa Beherea). Finala, berriz, abenduaren 17an jokatuko dute Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia).

Azken bi urteotan egin diren herrialdeetako txapelketetan eskuratu dute bertsolariek Txapelketa Nagusian parte hartzeko txartela, eta horiez gain, orain dela lau urteko finalistak ere ariko dira lehian. Honako bertsolari hauek izan ziren 2013ko finalistak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina.

Txapelketan parte hartuko duten gainerako bertsolariak honako hauek dira: Agin Laburu, Aimar Karrika, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Amets Arzallus, Ander Lizarralde, Ander Fuentes Itturri, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Asier Otamendi, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Beñat Lizaso, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo Abarkas, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Felix Zubia, Ibon Ajuriagojeaskoa, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Jon Martin, Jone Uria, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio, Mikel Artola, Miren Amuriza, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Odei Barroso, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Oihane Perea, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Xabat Galletebeitia eta Xabi Maia.

2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen ofiziala irailaren 12an egingo dute. Aurkezpen festa, berriz, irailaren 20an izango da.