Aurreiritziak albo batera utzita

Aritz Mutiozabal 2018ko urt. 24a, 08:00

Zarauzko Skasti musika taldeak`YE’ izenburupean argitaratu du bere ibilbideko hirugarren diskoa. (Laida Aranburu)

Askatasunez eta inolako lotsarik gabe ondu du Skasti musika taldeak YE disko berria. Askotariko doinuak jaso dituen hamahiru abesti entzun daitezke bertan.

YE. Skasti taldeko kideen artean zabaldu den hitza da. Taldearen nolabaiteko guda garrasia edo motibazio oihua da. «Askotan erabiltzen ditugu gure arteko hitzak, gure harrikadak, eta bai esateko, adibidez, ye erabiltzen dugu maiz». Hitza beraien egiteaz gain, «indarra» zuela ikusita, zortzikoak halaxe izendatu du estudioko hirugarren diskoa. Baga-Biga zigiluaren eskutik eman dute argitara, eta atzo goizean egin zuen Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aurkezpen prentsaurrekoa.

New Age lehenbiziko diskotik Maskarak bigarrenera aldaketa egon zen bezala, lan berrian ere garapen bat antzematen dela nabarmendu du Xabier Uzin abeslariak: «Bigarren diskoarekin jauzi bat antzematen zela ikusten ge­nu­en, baina iruditzen zait oraingo honetan aldaketa handiagoa izan dela». Konposatzeko orduan aurreiritziak albo batera utzi dituzte, eta inolako lotsarik gabe aritu dira sortzen. Uzinen esanetan, «ez gara zentratu gauza zehatz bat egitera, baizik eta libre aritu gara, eta askatasun horrek eraman gaitu azken emaitza honetara».

Diskoa lantzen hasi zirenean hogeita bat ideia izan zituztela kontatu du Mattin Saldias gitarristak, eta horietatik hemeretzi bukatu zituzten konposatzea, hamabost grabatu zituzten, eta, azkenean, hamahiru izan dira diskoan txertatu dituztenak.


Jakin-nahi berriak

«Hamahiru urte betetzen ditugu aurten, eta hamahiru kanta sartu ditugu. Kasualitatez atera zaigu», gaineratu du Josu Gonzalez de Durana Tete tronboi-jotzaileak. Oro har, jakin-nahi berriak izan dituztela nabarmendu dute, eta horrek ahalbidetu diela aldaera ugariko disko bat egitera: rocketik popera doaz abestiak, biziagoak batzuk eta lasaiagoak besteak, baina gorputza mugitzeko behar adina osagairekin.
Skastik, ordea, apenas du ska musikatik, «taldearen izena bakarrik». Hala ere, haizezko musika tresnekin jarraitzen dute, baina «inportantzia asko izatetik,  gitarraren eta ahotsen osagarri izatera pasatu dira gehienbat», zehaztu du Tetek. Tronpeta eta tronboia txertatzeko garaian, «musikari klasikoetan» oinarritu direla azaldu du Saldiasek. Nolanahi ere, ez dutela «talde tronpetero bat» izan nahi azpimarratu du Tetek: «Nik uste dut disko honek argi eta gabi erakusketen duela hori».

Abesti guztiak euskaraz badira ere, izenburuetako asko ingelesez jaso dituzte: Rosa Parks, Make razor great again, Black card, Slow funk eta Sixty seven, kasu. «Oraindik abestientzako letrarik ez duzunean, beste izen bat jartzen diozu, eta, gero, letra osatutakoan, horrekin zerikusia duen izenburu bat. Baina behin-behineko izen horiek izugarri gustatzen zaizkigunez, batzuk horrela uztea erabaki genuen».

Musika egiteko aske sentitu diren bezala, abestien izenak jartzerakoan ere hortik jo dutela aditzera eman du Uzinek: «Askotan korrektismo baten bila abiatzen gara, abestietako letran agertzen den hitzen bat aukeratuz, eta, oraingo honetan, ez du­gu halakorik egin». Abestien letrak idazterakoan, aitzitik, beraien kontuak hartu dituzte gaitzat, na­hiz eta «abstraktu samarrak» izan.

Musikalki ez ezik, diskoa sortzeko funtzionamenduak, dinamikak eta ekoizpenak ere garapena izan duela dio taldeko beste abeslari Iker Iñigo Antxusek: «Askoz ere metodikoagoa izan da oraingoan. Hasieratik garbi geneukan zeintzuk ziren egin beharreko urratsak diskoa grabatzeko orduan, aurre-ekoizpen lana nola egin behar genuen eta hori guztia». Jauzi kualitatibo bat eman dute, zentzu horretan.

Aurreko diskoan Eñaut Gaztañaga soinu-teknikaria izan zuten bidaide aurre-ekoizpen eta ekoizpen lanetan, baina Elkar estudioetan grabatu zuten zortzi egunetan. Oraingo honetan ere Gaztañagarekin kontatu dute berriro, baina elkarlana haratago joan da, eta berak gidatzen duen Zestoako Gaztain estudioan grabatu dute. Bi fasetan burutu dute grabazio prozesua: bata, maiatzean, eta bestea, irailean, hain zuzen ere.  Guztira, hilabete eta erdiko denbora izan dute, eta lasaitasun gehiagoz aritzeko aukera eman die: «Estudioan bertan ikusi ditugu gauzak nola egin eta zer aldatu, eta pixkanaka joan gara eraikitzen».


Zuzenekoetarako prest

Maskarak diskoaren bira amaiera onari segida eman nahi diote YE lan berriarekin. «Oso sentipen positiboarekin bukatu genuen uda honetan, eta utzi genuen modu be­rean ekin nahiko genioke orain», azaldu dute taldekideek. Ahalik eta kontzertu gehien jotzeaz gain, jendeak diskoarekin gozatzea nahi dute. Aurkezpeneko lehen zuzenekoa otsailaren 3an izango dute, 22:00­etan hasita, Gasteizko Kubik aretoan, Ze Esatek! taldearekin batera.

Gaur arratsaldean, aldiz, Zarautzen bertan izango dira: taldekideak lan berria saltzen eta sinatzen ariko dira Garoa liburu dendan, 18:00etatik aurrera.