Gutuna: 'Denen eskuragarri'

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 20a, 16:00

Haritz Larrañagak ondorengo gutuna helarazi du, 'Zarauzko ametsen liburua'-ren inguruan, liburutegiko arduradunek Sanz Enean mailegagarri dagoela bidalitako oharrari erantzunez.

Denen eskuragarri


Zarauzko ametsen liburua mailegagarri dago Zarauzko liburutegian. Berri pozgarria da. Liburutegiko arduradunek jakinarazi dutenez, liburua kaleratu zenetik liburutegiko apalategietan izan da eskuragarri, eta ondorioz, Zarauzko ametsen liburua liburutegian ez zegoela esatea, «ez da zuzena».

Ez dakit egiaz azken hilabeteetan Zarauzko ametsen liburua liburutegiko apalategietan zen edo pasa den astean erregistratu zuten, zeren informazioa kaleratu zenetik, liburutegiko arduradunek idatzia kaleratu duten arte, aste bat pasatu da. Garrantzitsuena da, aurrerantzean behintzat, Zarauzko ametsen liburua eskuragarri izango dela Zarauzko
liburutegian.

2016ko irailaren 16an aurkeztu zen Zarauzko ametsen liburua Modelo aretoan. Aurkezpena egin ahal izateko lehen baimen eskaera egin genuenean, Fernando Llopisek, liburutegiko arduradunak erantzun zigun, 2016ko abuztuaren 23an. «Liburu hau Sanz Enean aurkeztu genuen otsailaren 17an. Orain berriro aurkeztu behar duzu?», galdetzen
zuen liburutegiko arduradunak. Euskal Herri mailan argitaratu zen Ametsen liburuarekin nahastu zen, baina hitz eginda argitu genuen gaizki ulertua eta aurkezpena arazorik gabe egin ahal izan zen.

Liburua aurkeztu ostean, liburutegiko langileekin harremanetan jarri ginen. Nik neuk hitz egin nuen telefonoz liburutegiko langileetako batekin eta ale batzuk oparitzeko prest ginela ere jakin arazi nion, baina liburua haien kabuz lortuko zutela erantzun zidaten. Hori izan zen liburutegiko ordezkariekin izan genuen azken harremana.

Noizbehinka jendeak galdetzen zigun ea Zarauzko ametsen liburua Zarauzko liburutegian aurkitzea posible ote zen. Horregatik, proiektuan parte hartu zuen Ainara Iturbe liburutegira bertaratu zen 2018ko abuztuaren 3an, eta sarrerako langileari Zarauzko ametsen liburuagatik galdetu zion. Langileak ordenagailuan begiratu zuen eta soilik Euskal Herriko Ametsen liburua topatu zuen. Orduan egilearen izenarekin saiatu ziren, Haritz “h”-rekin eta “h” gabe idatzi zuten, baina ez zen inon agertzen.

Egun hartatik hona liburua apalategietan jarri badute, ez da zuzena esatea Zarauzko ametsen liburua Zarauzko liburutegian ez zegoenik, baina ezta ere, ez da zuzena esatea, liburua aurkeztu zenetik «Zarauzko liburutegian mailegagarri dago, nahi duen irakurlearen eskura».

Ez dut uste afera honetan inor fede txarrez aritu edo mintzatu denik. Oinarrian, bi libururen antzekotasunagatik sortutako nahasmena dagoela dirudi. Akats posibleak edo gaizki ulertuak hitz egiten argitzea izaten da bitarteko hoberena, eta antza, horretan, badugu guztiok zer ikasi.

Edonola ere, hasieran esan moduan, garrantzitsuena da aurrerantzean Zarauzko ametsen liburua nahi duenarentzat eskuragarri izango dela Zarauzko liburutegian.

Haritz Larrañaga Altuna