Eskualde mailako lehen enplegu azoka egin dute

Mireia Galarza Bastida, Aiora LarraƱaga Solaberrieta eta Andrea Zipitria 2024ko mar. 7a, 10:35

Urola Kosta osoko Lanbide Heziketaren eta enpleguaren eskaintza ezagutzeko aukera izan dute eskualdeko ia mila gaztek Zatoz! izeneko azokan, Zarautzen. Lehengoz gauzatu dute, eta bertan parte hartu dute, besteak beste, Oteitza Lizeo Politeknikoak, Aiala Sukaldaritza ikastetxeak eta Monte Albertiak. 

Zatoz! Lanbide Heziketa eta Enplegu Azoka egin zuten atzo Zarauzko Munoa plazan. Urola Kosta eta Urola Erdiko Lanbide Heziketako ikastetxeek, garapen agentziek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak elkarlanean antolatu dute ekimena, eta "talentua sortzea, erakartzea eta mantentzea sustatzea" du helburu.

10:00etan ireki ditu ateak azokak, eta 18:00etara bitartean Urola Kosta eta Urola Erdi mailako Lanbide Heziketako eta enpleguko eskaintza ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Horretarako, bederatzi stand jarri dituzte eta Lanbide Heziketako eskaintzarekin batera, ikastetxeen enplegurako prestakuntza eskaintza eta garapen agentzien eta Lanbideren enplegurako baliabideak erakutsi dituzte. Harrera ona izaten ari da azoka, eta goizean goizetik Urola Erdiko eta Urola Kostako DBHko eta Batxilergoko ikasleak gerturatu dira karpara. Hala, 950 ikasle inguruk aukera izan dute eskualdeko eskolen eskaintza gertutik ezagutzeko.

Horietako bat da Alex Martinez; azpeitiarraren hitzetan "baliagarria" zian da azoka. Hain zuzen ere, Mekatronikaren inguruko hainbat zalantzarekin iritsi zen Zarautzera, eta guztiak "argitzeko" balio izan zion hitzorduak. Gomendioak ere jaso zituen: "Eredu duala hautatzea".

Bestalde, azokan bertan masajeak ematen aritu zen Nerea Odriozola hernaniarra (Gipuzkoa). Gaur egun Monte Albertian Estetika eta ongizatea ikasketak egiten ari da. Azoka antolatzea "oso ondo" iruditu zaio hari. Bere esperientziatik hitz egin du: "DBH bukatu nuenean, ez nekien zer ikasi nahi nuen, eta horrelako azoka bat oso ondo dago gauzak argitzeko".

Ildo berean, lehen balorazio "positiboa" egin du Edu Sudupe Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendariak. "Ikasleek interesa erakutsi dute, eta hori da helburua; oso gustura gaude". Dena den, datorren urteari begira "zer hobetua" ikusi dute.