Realak irabazi du kimu mailako nesken V. Futbol Txapelketa

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 30a, 10:00

Penaltietan nagusitu da talde txuri urdina Goierri Gorriren aurka jokatutako finalean, partida ezin estuago baten ondoren. Zumaiako sailkatu da hirugarren.

Maila aparta erakutsi zuten atzo Astiko futbol zelaian jokatutako neska kimuen Zarauzko V. Futbol Txapelketan parte hartu zuten taldeek. Reala nagusitu zen, azkenean, baina kostata egin zuen penalti jaurtiketetera jo behar izan baitzuten finala 1-1eko berdinketarekin amaitu ondoren. Goierri Gorri izan zuen finalean aurkari talde txuri urdinak, eta, hain justu, Lizar Garmendia jokalari goierritarra izendatu zuten txapelketako jokalari onena. Bi taldeek, gainera, lehenengo faseko B multzoan egin zuten bat, eta, nagustiasunez menderatu zituzten aurkari guztiak.

B multzoan, berriz, Zumaiako eta Debako (Gipuzkoa) Amaikak bat sailkatu ziren, lehenengo eta bigarren. Hala, txapelketako bi talde indartsuenen aurka jokatu behar izan zituzten finalaurrekoak, baina, esan bezala, ezin izan zituzten mendean hartu eta berriro aritu behar izan zuten elkarren aurka hirugarren eta laugarren posturako lehian. Bada, zumaiarrak gailendu ziren alde nabarmenarekin, gainera: 7-0.

Nolanahi ere, emaitza ororen gainetik giro ona nagusitu zen, bai zelaian eta bai harmailetan ere; izan ere, gaztetxoek gozatu egin zuten futbolean jokatzen eta gurasoak ere gustura aritu ziren haiek animatzen.