Gonzalo Urkia Txapelketan ere Reala garaile

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 30a, 18:15

Jaun eta jabe izan dira talde txuri-urdineko infantil mutilak Asti futbol zelaian. Oriokoren aurka jokatu dute finala eta nagusitasunez gailendu dira 4-0eko emaitzarekin.

Amaitu dira Aste Santuko futbol txapelketak Astin eta Realak hirutik bi irabazi ditu. Gainera, irabazi ez duen bakarrean txapeldun ordea izan da etxeko taldearen aurka penaltietan galdu ondoren. Hain justu, gaur jokatutako infantil mailako mutilen XXVI. Gonzalo Urkia Txapelketa izan da irabazi duen azkena, eta nagusitasunez egin du finalean Orioko 4-0 mendean hartuta.

Txapelketako jokalari onena ere txuri-urdina izan da, gainera. Paul Egino azkoitiarra, hain zuzen ere. Eginok egun ZKEren harrobiko entrenatzailea den Dani Estrada Realeko eta Alaveseko jokalari ohiaren eskutik jaso du saria, eta, zehaztu behar da gaur Realarekin aritu den arren, Anaitasunako jokalaria dela.

Hirugarren sailkatuari dagokionez, Aurrera Ondarroa izan da, ZKEk ezin izan baitio irabazi hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida. Etxekoek ondo estutu dute aurkaria eta askotan gerturatu dira haren areara, baina ez dute lortu golik sartzea. Ondarroarrek, aldiz, partida amaitzeko minutu gutxiren faltan aurrea hartzea lortu dute kontraeraso batean, eta, ondoren horri eustea jakin dute. Hala, etxekoak laugarren sailkatu dira, azkenean.

Etxeko taldeari lotuta nabarmendu behar da, halaber, Reala gehien estutu duen taldea izan dela. Finalaurrekoan izan dira aurrez aurre, eta, azken txanpan lortu dute garaipena txuri-urdinek. Partida amaitzeko bi minuturen faltan hutsean zen markagailua, baina bi gol egin ditu Realak finalerako txartela ziurtatzeko. Orioko eta Aurrera Ondarroaren arteko beste finalaurrekoa, aldiz, hutsean amaitu da eta penalti jaurtiketetan gailendu dira oriotarrak.