Kolore urdina nagusi VI. Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusian

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 31a, 15:30

Aritzbatalde pilotalekuan jokatu dituzte txapelketako finalak eta bi partidetan bikote urdinak nagusitu dira. Jurdan Arakistain zestoarra eta Eneko Sagarmendi mutrikuarra, alde batetik, eta, Edorta de Anta lekunberriarra eta Aingeru Senperena bidaniarra, bestetik.

Gerriko urdinarekin aritu diren bikoteak jaun eta jabe izan dira gaur eguerdian Aritzbatalde pilotalekuan jokatutako Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiko finaletan. Hala, Eneko Sagarmendi mutrikuarra eta Jurdan Arakistain zestoarra 25-13 gailendu dira adimen urritasuna duten pilotarien kategorian, eta, Aingeru Senperena bidaniarra eta Edorta de Anta lekunberriarra 25-10 urritasun fisikoa dutenen kategorian. Bi bikoteek, beraz, nagusitasunez irabazi dute.

Adimen urritasuneko finala izan da jokatu duten lehenengoa eta, hasiera batean, Iñaki Divasson zarauztarrak eta Iraitz Huegun donostiarrak osatutako bikote gorriak aurrea hartu badu ere, Sagarmendik eta Arakistainek markagailuak eusten jakin izan dute.  Bost tantoko abantaila lortu dute gorriek (7-2) partida hasieran, baina emaitza irauli eta norgehiagoka orekatzea lortu dute. Ondoren, tanto bat bestearen atzetik egitea lortu dute eta 25-13 gailendu dira, azkenean.

Hori horrela, emaitzarekin gustura agertu da Arakistain, bere "lehenengo txapela" eskuratu duelako. Aitortu duenez, jada egin dio tokia garaikurrari etxean: "Nire logelan jarriko dut orain arte lortu ditudan gainerako kopen gainean". Atzelari zestoarrak sekulako partida eginda, gainera, jaurti dizkioten pilota guztiak itzuli baititu. Zentzu horretan, bere gertukoen babesa eta animoak lagungarriak izan zaizkio; izan ere, senideak, lagunak eta Zumaiako Pilota Elkarteko taldekideak joan zaizkio ikustera.

Davisson, bere aldetik, penatan geratu da ezin izan duelako etxean, herrikideen aurrean irabazi. Nolanahi ere, "oso pozik" agertu da txapelketa osoan egindako lanarekin; izan ere, partida bakar bat ere galdu gabe lortu du finalera sailkatzea Huegunekin bikote indartsua osatuta.

Gurpildun aulkian ezustekoa

Urritasun fisikoa dutenen pilotarien kategorian bestelakoa izan da partidaren dinamika. Bikote urdina hasieratik bukaerara izan da markagailuan aurretik eta ez diote partidari buelta emateko aukerarik txikiena ere utzi aurkariei.

Nabarmendu beharra dago, gainera, Beñat Lizaso oiartzuarra eta Asier Navaridas sunbildarra zirela garaipena eskuratzeko faboritoak, baina ez dute egunik onena izan. Partida amaieran lortu dute markagailua zertxobait itxuratzea, 22-4 aurreratu baitira urdinak. Azken txanpan, ordea, hainbat tanto jarraian egitea lortu dute partida 25-10ekoarekin ixteko.