Hauteskundeetako parte hartzea %31koa izan da herrian lehen aurrerapenaren arabera

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 21a, 14:30
Herritar bat botoa ematen, gaur goizean, Lizardi kirol aretoko hauteslekuan. (Jabi Gonzalez Toston)

Kopurua ezin da 2020koarekin alderatu, hauteslekuak ireki zituztenetik 12:00ak bitartekoa zehaztu zutelako orduan eta 13:00ak bitartekoa delako aurtengoa. Gainera, ez ohiko hauteskundeak izan ziren haiek, COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta herritar askok postaz bozkatu zutelako.

Eusko Legebiltzarra osatuko duten ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak aurrera doaz eta Eusko Jaurlaritzak eman ditu parte hartzearen lehenengo datuak. Hala, jakinarazi du hauteslekuak 09:00etan ireki dituztenetik 13:00ak arte Zarautzen botoa ematera deitutako herritarretik %30,88k egin dutela. EAEko parte hartze orokorra, berriz, %28,05 izan da.

Lurraldeka Gipuzkoakoa ari da izaten parte hartzerik handiena lehenengo aurrerapenaren arabera, eta herritarren %30,02k bozkatu dute. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %15,48koa izan zen parte hartzea eguerdian, ia erdia. Kontuan hartzekoa da, ordea, duela lau urteko hauteskundeetan ordubete lehenago eman zituztela lehen parte hartze datuak, eta ohi baino altuagoa izan zela posta bidezko botoaren portzentajea COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz.

Edonola ere, lurralde guztietan egin du gora parte hartzeak: %25,93ko parte hartzea izan da Araban; %13,92koa 2020an. Bizkaian, berriz, %27,43k eman du botoa eguerdirako, eta parte hartze datua %13,49koa zen duela lau urte.