Euskal Jaien mendeurrenerako logo lehiaketa antolatu dute

Julene Sorarrain 2024ko api. 22a, 10:00
Euskal Jaiak. (Hitza)

Maiatzaren 24ra arte egongo da zabalik diseinua aurkezteko epea. Irabazleari 2.500 euroko saria emango zaio.

Euskal Jai eguneko mendeurrena dela eta, Zarauzko Udalak logotipo berria diseinatzeko lehiaketa antolatu du. Proposamenak aurkezteko epea gaur irekiko da eta maiatzaren 24ra arte izango da. Lanak Zarauzko Turismo Bulegoan (Kale Nagusia, 30) aurkeztu beharko dira pendrive batean.

Aukeraturiko logoaren sortzaileak 2.500 euroko saria jasoko du eta epaimahaiaren erabakia ekainaren 3tik 9rako astean argitaratuko da.

Baldintzen artean, logoaren bi formatu aurkeztu beharko dira, bata "100 urte" erantsita, eta bestea "100 urte" gabe, beste urteetako ekitaldietan erabiltzeko asmoarekin. Lehiaketa 18 urtetik gorakei zuzenduta dago eta partehartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du.

Informazio gehiagorako, Ekitaldi eta Jaietako Departamentura jo daiteke (Kale Nagusia, 30) baita 943-00 51 19 zenbakira deitu edo jaiak@zarautz.eus helbidera idatzi ere.