Hosokawa Solids enpresak instalazio berriaren obrak hasi ditu Errotaberri poligonoan

Julene Sorarrain 2024ko api. 28a, 11:00

Josu Bordagaray eta Xabier Txurruka Errotaberriko poligonoan. (Zarauzko Udala)

Enpresak bulegoak eta ingeniaritza Etxepare kalean izan ditu, eta ekoizpen-zentroa, berriz, Aizarnazabalen. Instalazio berrian sistemen ingeniaritza eta ekipoen eta osagaien fabrikazioa bateratuko dituzte.

Hosokawa Solids SL enpresak Errotaberri industrialdean instalazio berriak eraikitzeko lanak hasi zituen aurreko astean. Ontziratu gabeko material solidoak prozesatzeko eta maneiatzeko makina eta sistema osoak fabrikatzen dituen multinazionalak bere ekoizpen-zentro berria Aizarnazabaletik Zarautzera ekarriko du. 

Beterri Kosta Industrialdeari industria-partzela urbanizatua erosi eta Zarauzko Udalaren jarduera-lizentzia eta obra-lizentzia jaso ondoren, Errotaberriko industrialdearen zabalpenean planta berria eraikitzeko lanei ekin diete.

Multinazional japoniarra aurreko astean hasi zen eraikitzen bere lantegi berriaren lehen fasea, Errotaberri industrialdeko 5. partzelan (7.415 m2), Europa hegoaldean erreferentziazko instalazioak martxan jartzeko.

Josu Bordagarayk, Hosokawa Solidseko CEOak adierazi duenez, "SOLIDSen enpresa-jarduera hasi zenetik eta duela 4 urte Hosokawa taldean sartu zenetik 55 urte baino gehiago igaro direnez, urrats horrek, enpresaren jabetza egiten ari den lana babesten duela argi eta garbi erakusteaz gain, etorkizunerako proiektu ilusionagarria finkatzen du behin betiko. Gainera, lantegi berriak Zarautzen ikusgarritasun handiagoa izatea nahi dugu, prestakuntza-erakundeekin lankidetzan aritzea, eta inguruko gazteei etorkizunean garapen profesionalerako aukerak ematea".

Xabier Txurruka alkatea pozik agertu da multinazionalak herrian kokatzeko hartutako erabaki estrategikoarekin: "Eskualdean 70 lanpostu finkatzea eta etorkizunean enplegua sortzeko proiekzio garrantzitsua izatea albiste bikaina da, eta horren alde lan handia egin dugu azken urteotan ".