Denak bat eginik, gurasoen irainekin bukatzeko

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 27a, 14:00

Argazki jendetsua hondartzan epaile adingabeen irainen aurka (Aritz Mutiozabal)

Eskola Kiroleko Mahaiak deituta, elkarretaratzea egin dute 11:30ean Zarauzko hondartzan, hondartzako futbol jardunaldia hasi aurretik.

Joan den asteko Esko Kiroleko hondartzako futboleko jardunaldian epaile adingabeek  irainak jaso zituzten guraso batzuengandik. Jarrera gaitzesgarri horren aurrean, Zarautz Kirol Elkarteko Futbol atalak berehalakoan salatu zuen gogor sare sozialen bitartez gertatutakoa. Ez da kasu isolatua, aurrez gertatu dira eta zoritxarrez oraindik ere gertatzen dira edozein kirol arlotan. Eskola Kiroleko Mahaia osatzen duten eragileek erabat gaitzetsi dituzte erasoak, eta argazki jendetsua ateratzera deitu zuten, plaieroetako lokalaren aurrean, gaurko jardunaldia hasi aurretik.

Halaxe egin dute dozenaka lagunek: Zarauzko, Getaria, Orio eta Aiako ikasleak, gurasoak, entrenatzaileak, ikastetxeetako ordezkariak eta ZKEko arduradunak. Horien artean izan da Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendi ere. Guztiek bat egin dute joko garbiak partida barruan ez ezik, ikusleen aldetik ere izan behar duela, eta elkarren artekoak norgehiagoka bidez jokatzen badituzte ere, Eskola Kirola dela eta horrek bestelako balio batzuk dituela.

Horregatik, hainbait ikasleren eskuetan pankarta batzuk ikus ahal izan dira mezu zehatzekin: "Aupa epaileak!" eta "Umeei eta epaileei errespetua!". Ozenago esan daiteke, baina ez argiago.