Dantzatzen duen herria beti jalgiko da plazara

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 27a, 16:30

Helduen Dantzari Eguna ospatzen ari da Jalgi dantza taldea hirugarren aldiz. Goizetik eta eguerdira bitartean, euskal dantzak eskaini dituzte herriko hainbat tokitan.

Jalgi dantza taldeak antolatuta, Zarauzko III. Helduen Dantzari Eguna ospatzen ari dira gaurkoan. Guztira ehun lagun ari dira, boluntario, irakasle eta ikastaroetan aritzen diren helduak, musikariak lagun, herriko makina bat txokoak euskal dantzekin alaitzen eta girotzen. 

Helduen zortzi talde ditu Jalgik, eta lauko bi talde handitan banatuta, bi ibilbide ezberdin egin dituzte goizean, bakoitzak hiru geldialdirekin. Une batzuetan euri tanta batzuk antzeman badira ere, berehala uxatu da arriskua, eta egitasmoa espero bezala jarraitu ahal izan dute.

Ibilbideen ondoren, eguerdian, bi taldeek bat egin dute Munoa plazan, eta elkarrekin egin dituzte dantza erakustaldiak. Kalez kale ikusmin eta interes handia sortu du taldeak, eta herritarrek atseginez jarraitu dituzte haien dantzak.