Zarauzko 41. Argazki Rallya maiatzaren 19an egingo dute

Erredakzioa 2024ko api. 29a, 10:15

Argazki Rally bateko irudia. (Utzitakoa)

Parte hartzaileek egunean bertan eman beharko dute izena Zarauzko Argazkizale Elkartearen egoitzan, 09:00etatik 10:00etara. 

Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatutako Fernando Maiztegiren Oroimenezko 41. Argazki Rallya datorren hilean jokatuko dute; maiatzaren 19an, igandea, hain zuzen ere. Parte hartu nahi dutenek argazkizale elkarteak Ebro etxean duen egoitzan eman beharko dute izena egunean bertan, 09:00etatik 10:00etara; helduek 10 euro ordaindu beharko dute, eta 16 urtez azpikoentzat, berriz, doakoa izango da.

Rallya hasi aurretik zehaztuko zaizkie argazkilariei landu beharreko gaiak. Bukaeran, 13:00etatik 14:00etara bitartean, partaide bakoitzak elkartearen egoitzan aurkeztuko ditu bere argazkiak –gehienez ere 36, lehen kontrolekoa barne–, eta horiek ordenagailu batera deskargatuko dituzte. Ondoren, partaide bakoitzak gai bakoitzari buruz argazki bana aukeratu eta rallyzarautz2022@gmail.com posta elektronikora bidali beharko du maiatzaren 25a, larunbata.

Irabazleak 160 euro eta Andra Mari Zeruratzearen garaikurra jasoko ditu; bigarren egiten duenak 130 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, 100 euro eta garaikurra. Bestelako bi sari ere banatuko ditu elkarteak: rallyko argazki ederrena egiten duenak 80 euro jasoko ditu, eta 16 urtez azpiko lehen sailkatuak, berriz, garaikurra; sariek dagokien zerga atxikipena izango dute. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 21ean, ostirala, egingo dute Torre Luzea erakusketa aretoan.