Adur Amatriainek irabazi du Euskal Herriko zirkuituko lehenengo proba

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 29a, 14:30

Adur Amatriain Zurriolako podiumean, eskuinean Ruben Vitoria eta Iker anaia zaharra dituela. (Euskal Herriko Surf Federazioa)

Donostiako Zurriola hondartzan jokatu dute txapelketa eta Ruben Vitoria herrikidea eta Iker anaia zaharra izan ditu aurkari finalean. Nadia Erostarbe, bien bitartean, CSko proba ari da jokatzen Australian eta final zortzirenetara sailkatu da.

Adur Amatriain surflari zarauztarra jaun eta jabe izan zen Donostiako Zurriola hondartzan asteburuan jokatutako Euskal Herriko zirkuituko lehenengo proban. Finalera iritsi aurreko txanda guztietan gailendu zen eta finalean ere onena izan zen. Zarauztarrez beteriko finala izan zen, gainera, parte hartu zuten lauretatik hiru izan baitziren herrikoak. Amatriainekin batera, hirugarren sailkatu zen Ruben Vitoria eta laugarren amaitu zuen Iker Amatriain, txapeldunaren anaia zaharra, aritu ziren azken txanda erabakigarri horretan. Txapeldun ordea, berriz, Iker Trigueros bilbotarra izan zen. 

Emakumezkoetan, kontrara, ez zen Zarauzko surflaririk izan finalean. Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarra nagusitu zen Bianca Tye, Ibone Gomez eta Nora Gomezen aurretik.

Emakumezkoak aipatuta, Nadia Erostarbek ekin dio Challenger Series zirkuituko lehenengo probari Australian. Bide onetik hasi du txapelketa; izan ere, final zortzirenetan da jada. Bihar jokatuko du kanporaketa eta Lakey Peterson estatubatuarra izango du aurkari.