Australiako euskal diasporari buruzko erakusketa zabaldu dute Photomuseumen

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 30a, 13:00

Maiatzaren 26ra arte egongo da ikusgai 50eko hamarkadaren amaieran emigratu zuten ehunka euskal herritarren bizitzak argazkitan jasotzen dituen mostra. Ostiralean, gainera, hitzaldia eskainiko du erakusketaren komisarioak.

Gaurtik hasita ikusgai da Photomuseum argazki eta zinema museoan Basques in Australia aldi baterako erakusketa. Herriz herri erakusten ari diren argazki mostra ibiltaria da, eta, 50eko hamarkadaren amaieran Australiara joandako euskal diaspora du ardatz. Zehazki, 1958 eta 1960 urteen artean egindako Kanguro, Eukaliptus, Emu, Karry eta Torres operazioetan nahiz Marta Plana deiturikoaren barruan Euskal Herritik hara joan ziren ehunka lagunen itsasontzi bidaia eta Australian sortu zuten euskal komunitatea erakusten ditu. Gaian aditua den Esther Korta da erakusketaren komisarioa eta ostiralean hitzaldia eskainiko du Photomuseumen bertan, euskaraz, 18:30ean hasita.

Museoko kideek azaldu dute, halaber, Basques in Australia osatzen duten irudiek Australiara emigratu zuten gizon eta emakumeen historia amankomuna ez ezik, pribatua ere jasotzen dutela. Hala, Italiatik abiatuta itsasoz egin zituzten hilabetetik gorako bidaietan ontzian bertan ateratako argazkiak, behin Australiara iritsita bertan izaten zituzten lanbide ohikoenak erakusten dituzten argazkiak edota aisialdi uneetakoak ikusiko dituzte datozen egunotan Photomuseumera gerturatzen diren herritarrek.

Asteartetik igandera dago zabalik Zarauzko argazki eta zinema museoa 10:00etatik 14:00etara goizez eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldez. Asteazken eta ostiraletan, gainera, doakoa da sarrera.