Santamarinen atarikoa egingo dute asteburuan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 8a, 09:00

Hainbat haur marrazkiak egiten santamarinetako lehiaketan. (Zarauzko Hitza)

Larunbatean nahiz igandean, goizean nahiz arratsaldean izango da zer egina alde zaharrean. Besteak beste, pilota partidak, Mus Txapelketa, marrazki lehiaketa eta musika emanaldia antolatu dituzte.

Urtero legez, astebete lehenago hasiko dira Santa Marina kalea girotzen alde zaharreko festei begira. Larunbatean, 10:00etatik aurrera, jokatuko dituzten 33. Pilota Txapelketako finalaurrekoekin abiatuko dute astebururako prestatu duten egitaraua Villa Manuelako frontoian. Arratsaldean, berriz, Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute eta Slow Times Blues Band musika taldeak emanaldia eskainiko du.

Mus Txapelketari lotuta, antolatzaileek jakinarazi dute egunean bertan eman beharko dutela izena parte hartzaileek eta 30 ordaindu beharko dituztela bikoteko. Inskripzioaak 15:30ean zabalduko dituzte eta ordu erdi beranduago ekingo diote lehiari. Bikote irabazleak 500 euro eta oroigarria jasoko du; bigarrenak, 240 euro eta oroigarria; hirugarrenak, 120 euro eta oroigarria; eta laugarrenak 60 euro eta oroigarria. Gainerako lau sailkatuek, bosgarrenetik zortzigarrenera artekoek, bi afari jatetxe babesleen eskutik. Auzoko bikote onenak ere afaria eskuratuko du.

Iganderako, berriz, haurrei zuzendutako hainbat ekintza antolatu dituzte: marrazki lehiaketa, lasterketak, txokolatada... Horrez gain, festak iragartzeko suziria jaurtiko dute.

Hauxe da astebururako prestatu duten egitarau osoa:

  • Larunbata
    10:00.
    XXXIII. Pala Txapelketako finalaurrekoak, Villa Manuelako frontoian (Euria egiten badu Gaztelekukoan).
    16:00. Santa Marinako XLI. Mus Txapelketa. Izen ematea 15:30etik aurrera, Santa Marniako plazatxoan.
    19:30. Slow Times Blues Band musika taldearen emanaldia.
  • Igandea
    Egun osoan. Haurrentzako puzgarriak.
    10:00. Gazteen XLV. Marrazki eta Pintura lehiaketa, kalean.
    Ondoren, marrazki lehiaketako opari banaketa.
    12:30. Txupinazoa. Horrekin batera, kanpai-errepika eta banderaren goratzea egingo dituzte festak iragartzeko. Bandera auzotarrek igoko dute eta erraldoiak, buruhandiak eta txistulariak kaleak girotuko dituzte.
    17:00. Haurrei zuzendutako Apaxi ipuin kontalariaren saioa.
    18:00. 6 urte arteko haurrei zuzendutako XV. Moto eta Patinete lasterketak. Bakoitzak bere ibilgailua eraman beharko du eta Meitai Maitek emandako hiru botila Life Faktory zozkatuko dituzte parte hartzaile guztien artean.
    Ondoren, Entzierro txikia.
    Ondoren, Txokolatada eta buruhandiak.