Eduardo Alsasua gasteiztarraren pintura erakusketa indibiduala gaur zabalduko dute, Torre Luzean. 19:00etan izango da inaugurazioa, eta hortik aurrera, irailaren 24ra bitartean izango da ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara.
Jatorrira itzuliz, zinemagintzatik argazkigintzara erakusketa zabaldu berri dute Photomuseumen. Bertan, Volker Schlöndorff zinemagile alemanaren film ospatsuenetariko batzuen filmaketako irudiak daude ikusgai, besteak beste, Törles gaztea, Kombacheko behartsuen bat-bateko aberastasuna, Katharina Blumen ohore galdua, Latorri danborra, Faltsuketa, Gerra eta bakea eta Ogroa filmetakoak.
Hilaren 18tik 24ra Eusko Label produktuak ezagutzera emateko askotariko ekitaldiak izango dira, Eusko Label Fest jaialdiaren barruan.
Juan Mari Gibelalderen artelanen ondoren, erakusketa berria zabaldu dute Lukas ardotegian. Jose Mari Ruiz Etxeberriak dronarekin ateratako argazkiak daude oraingoan ikusgai. Joan den ostegunean inauguratu zuten eta azaroaren 2a bitartean iraungo du.
Itxasmendin jarri dute zirkua, eta gaurtik hasi eta igandea bitartean hainbat saio eskainiko dituzte: gaur eta bihar (irailak 21 eta 22), 19:00etan; etzi (irailak 23), 17:00etan eta 19:30ean; eta igandean (irailak 24), 12:00etan eta 18:00etan. Bizitza da aurkeztuko duten ikuskizuna, eta, besteak beste, Iker Galartza aktoreak hartzen du parte.