74. Hondartzako Futbol Txapelketa aurrera doa, eta igande honetan jardunaldi berri bat jokatuko dute. Gizonezkoentzako laugarrena izango da, eta emakumezkoentzat, berriz, hirugarrena. Norgehiagokak jokatzen 10:00etan hasiko dira; aurretik Kosta Hortz Klinika taldeak markatu beharko ditu joko eremuak, 09:00etan hasita.
Zarauzko Parrillen Jaia antolatu dute iganderako, Lege Zaharren enparantzan. Besteak beste, herriko parrilladun jatetxeen aurkezpena eta parrillan egindako txuleta pintxoen dastaketa izango da.
Fernando Maselli argentinarraren atzera begirako erakusketa ikus daiteke Zarauzko Argazki eta Zinema Museoan. Mendia da argazkietako protagonista nagusia, diskurtso nabarmen batekin: paisaia eta horren eraikitze formala nahiz kontzeptuala. Urriaren 31n inauguratu zuten, eta azaroaren 26a bitartean bisitatu ahal izango da.
Azaroaren 10ean zabaldu zuen Lanak eta egunak erakusketa berria argazkilari zarauztarrak, eta abenduaren 17a bitartean ikusteko aukera izango da; egunero, 18:00etatik 20:00etara, Torre Luzeako aretoan. Polaroidaren manipulaketaz eginiko irudiak paratu ditu, eta horietan Getariako nahiz Orioko itsas bizitza du erakusgai: arrantzaleak, saregileak eta itsasontziak, esaterako.
Datorren asteazkenean da Santa Zezilia eguna, baina gaurtik hasi eta asteburuan zehar hainbat ekitaldi izango dira herrian.
Bihar zabalduko dute Bide luzea berdintasunerako: Euskadiko emakumeak XX. mendean erakusketa, Merkatu plazako lehen solairuan; inaugurazioa 19:00etan izango da. Mario Onaindia Fundazioak antolatu du, Parekidetasun Departamentuarekin, Vital Fundazioarekin eta Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, Emakumenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira.
Zarauzko Argazkizale Elkarteak XXV. Nazioarteko Argazki Mostra antolatu du, eta gaur arratsaldean (azaroaren 17an) inauguratuko dute Sanz Enea kultur etxean, 19:00etan. Honako argazkilari hauen lana izango dira bertan ikusgai: Jorge Castejon, Iñaki Delgado, Colin Flockton eta Laura Madrazo. Erakusketa urtarrilaren 21era arte egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara.