Photomuseumek sustatu eta Zarauzko Udalak babestutako Gela kulturaren difusiorako programaren barruan, Hannah Arendt filosofo, pentsalari eta kazetari juduari eskainiko diote ostiral honetako saioa. Photomuseumen izango da, 18:00etan hasita, doako sarrerarekin.
Martxoaren 8aren harira, Ispilu Arte galeriak Emakumea eta errefuxiatu, bitan biktima izeneko erakusketa zabaldu du. Horren osagarri, mahai inguru bat ere antolatu du gaur (martxoak 9) arratsalderako, Hotz Zarautz elkartearekin lankidetzan: Errefuxiatu esparruan emakume kooperanteak izenburupean, bi kooperante eta Salvamento Maritimo Humanitarioko ordezkari bat ariko dira solasean. 19:00etan hasiko da saioa.
Mefsst!-ek eta Putzuzulo gaztetxeak antolatuta, The Baboon Show eta Disaster Jacks taldeen kontzertuak izango dira datorren martxoaren 9an, 22:00etatik aurrera. Orain arte sarrerak internet bidez soilik eskura zitezken, baina gaurtik aurrera Arranon tabernan ere jarriko dituzte salgai. Txartel bakoitzak zortzi euro balio du eta pertsonako lau sarrera eros daitezke.
Patafisika oinarri hartuta, Alberto Palomerak erakusketa ondu du Zarauzko Photomuseumen. Ostiralean hitzaldia eskainiko du egileak, museoan bertan.
Judith Gagoren argazki erakusketaren ondoren, orain Antonia Faus margolariaren lanak daude ikusgai Lukas ardotegian (Ipar kalea, 3). Modu autodidaktan ikasitakoa da Faus, eta olio pinturaz landutako margolan figuratiboak jarri ditu erakusgai. Aurreko astean ireki zuen erakusketa, eta datorren apirilaren 12a bitartean bisitatu ahal izango da.