Inspira proiektua Antoniano ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2017ko aza. 15a, 16:14

Antoniano Ikastetxea Deustoko Unibertsitatea eta Elhuyarrek antolatutako Inspira proiektuan parte hartzen ari da.

INSPIRA nesken bokazio zientifiko eta teknologikoa bultzatzeko Euskadiko proiektu berritzaile bat da, sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzetan oinarritzen dena. Ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren alorreko zenbait emakume profesionalek gidatzen dituzte jarduerok STEAMak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) sustatzeko proiektu batean.

INSPIRAren bigarren edizioan, 113 emakumek hartuko dute parte, beren borondatez, aholkulari gisa. Guztiak ere zientzialariak eta teknologoak dira, eta hainbat arlotan ari dira lanean: hezkuntzan, enpresan, ikerketan, kudeaketan eta abar.

Antoniano Ikastetxeko 6. mailako bi gelek hartuko dute parte zazpi lansaiotan, eta askotariko gaiak landuko dituzte, besteak beste, inguruan ditugun estereotipoak, lana edota historian emakumeek eta zientziak izan duten lotura. Aholkulariaren eta ikasleen arteko topaketa horien helburua da zientzia eta teknologiako lanbideen inguruan dituzten eragozpenak edo zalantzak argitzen laguntzea, haien motibazioak argitzea eta, hala nahi badute, ibilbide profesional horri ekiteko behar duten autoestimua sendotzen laguntzea.

Euskal ikasleen artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak bultzatzeko beharretik eta, bereziki, nesken artean bokazioa bultzatzeko premia handitik sortu da INSPIRA. Urtetik urtera jaisten doa teknologiako hezkuntza aukeratzen duten ikasleen kopurua. Eta emakumeei erreparatzen badiegu, askoz nabarmenagoak dira datuak.

Deustuko Unibertsitateak sustatzen du INSPIRA proiektua, Elhuyar Fundazioa eta Innobasqueren lankidetzarekin eta hiru Foru Aldudien laguntzarekin (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba).

Zientzia eta teknologia bultzatzeko, Antoniano Ikastetxea ZarautzOn erakundearen laguntzaileetako bat da, eta urtero bezala  Zientziaz Blai ekimenean parte hartu zuten DBHko ikasleek lehengo astean. EHUk Tabakaleran antolatu zuen Zientziaren Astean ere izan ziren, makina bat zientzia txoko eta jarduera ezagutu eta praktikatzeko aukera paregabea izan zuten.