Pandemia garaian ere, 'Erasmus+' Antoniano ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia

Proiektuaren bidez ikasleek konpetentzia linguistikoak zein komunikatiboak sendotzen dituzte, Europako ondare kulturalaren garrantziari buruzko hausnarketa egiteaz gain.

Antoniano Ikastetxean eleaniztasuna eta nazioartekotasuna sustatzeko proiektu ezberdinak lantzen dira eta horien artean kuttunena Erasmus+ egitasmoa dute; izan ere, proiektu honek Europako Komisioaren oniritzia jasoa du. Egitasmo hau ez da oraingoa, 2017-18 ikasturtetik ari dira DBH4ko ikasleak, Holandako Leiden herriko Visser’ t Hooft Lyceum eskolarekin elkarlanean. Proiektuaren bidez ikasleek Europako ondare kulturalaren garrantziari buruzko hausnarketa egiteaz gain, euren konpetentzia linguistikoak, zein komunikatiboak, sendotzen dituzte.


Une honetan, bi egitasmo ari dira burutzen:

1.- “​Bat Bi Three: Researching European Linguistic Heritage: Basque and Dutch Bilingualism​” izeneko egitasmoak Europako bi errealitate elebidun ezberdin ikertzea du helburu, bien arteko ezaugarri komunak aztertuz eta ezberdintasunetatik ere ikasiz.


2.- I.S.M.∞.Z.: “The Sea as Source of Social, Economic and Cultural Heritage in Holland and the Basque Country" izeneko egitasmoak “itsasoa” ardatz hartuta bi helburu ditu. Batetik; ondare komun hau ikuspuntu giza-ekonomikotik behatzea; eta bestetik, aurrerantzean ere ondare natural gisa biziraun dezan laguntzeko
moduetan eragitea.

Amets bateratu honetan ikasleek aurrez aurre elkar ezagutzeko aukera izan ohi dute, beraien kideen herrialdera bidaiatu eta han bertan ikerketa elkarrekin lantzeko. Baina aurtengoan, mundu osoan zehar zabaldua dagoen pandemia honek, bidaiatzeko aukerak murriztu ditu. Halere, muga guztien gainetik eta teknologia lagun, proiektuarekin aurrera egiten ari dira, bai horixe! Gabonak aurretik hasi ziren aurtengo proiektuekin eta birtualki Visser ‘t Hooft Lyceum eskolakoekin harremanean jarri ziren elkar ezagutzeko. Ikasleek zirrara handiz bizi zituzten lehenengo une hauek eta kideekin lanean hasi ziren berehala motibazioz beterik. Aurten ere Erasmus+ abentura martxan da!