Zarautz diseinatzen, Antoniano Ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2021ko api. 23a, 16:09

Geure herriko espazioak denok erabiltzen ditugun guneak dira. Horregatik, Zarauzko herritarrak prozesu horretako protagonistak bihurtzea garrantzitsua da. Zarauzko herritar diren aldetik, gure gazteek ere badute zer esana gai honi buruz. 

Hori horrela, Antoniano Ikastetxean DBH4ko ingeleseko irakasgaian hirigintzaren inguruko gaia lantzen ari zirela, ikasleek Zarauzko txokoetarako aukera berriak aztertu eta diseinatu dituzte. Diseinuak ilusio handiz burutu dituzte eta elkarlanak emaitza oparoak eman ditu. Azkenik, proiektuei errealitatearekiko aplikazio zuzena emateko, Udaletxera aurkeztea bururatu zaie eta Udaletxearen erantzuna ezin hobea izan da. Zuzenean Alkatea bera joan zaie bisitan aste honetan eskolara! Gauzak nola diren, 11 urte zituenean bisitatu duen gela berean egin zuen berak Lehen Hezkuntzako 5. maila, itsasoari begira! 

Beste gauzen artean, ikasleei azaldu die 11 urte zituela, orduko alkatea zen Antonio Alberdiri elkarrizketa bat egiteko aukera izan zuela eta hori grabatuta geratu zitzaiola. Bere esku balego, berak ere gauza bera egingo lukeela esan omen zuen orduan eta orain esandako hura betetzeko parada izan du.

Ikasleen aurkezpenak entzun ondoren, bakoitzaren bideragarritasunaren inguruko azalpen zehatzak eman dizkie ikasleei. Beraien inplikazioa izugarri eskertu die eta proiektu bakoitzaren onurak goraipatu ditu. Zarautzen datozen urteetarako baliagarriak izan daitezkeen zenbait ideia ere eraman ditu, bejondeiola!

Antoniano ikastetxetik eskerrak alkate jaunari, herritar gazte hauei begirunez entzuteagatik.